Urko Apaolaza Avila
Aukera galdu bat, horrelaxe defini daiteke Hego Euskal Herriko lehen sektoreak azken urteetan izan duena, lurraldetasunaren ikuspuntutik begiratuta behinik-behin. Gaindegiak 2008 eta 2013 artean elikagaien ekoizpenean izandako joerak aztertu ditu eta ondorioa garbia da: ekoizpena handitu eta dibertsifikatu egin da krisi garaian –Nafarroan %14 hazi da lehen sektorea eta %3 elikagaien industria–, baina horrek ez du lurraldeen arteko kohesioa indartu, alderantziz, gutxitu egin da Nafarroa eta EAEren arteko harremana –azterketak ez dio ezer Ipar Euskal Herriko lurraldeez–.
Nafarroan, bi arlotako negozio bolumen osoaren %32 EAE zuen helmuga 2008an; bada, portzentajea %20,6ra jaitsi da egun –lehen sektorearen kasuan erdira–. Orotara %17,8 hartu-eman gutxiago esan nahi du horrek; EAEri dagokionez nabarmenagoa da jaitsiera Nafarroarekiko (%28).
Gaindegiak azaldu duenez, batez ere Frantziak, Erresuma Batuak eta Italiak bereganatu dute euskal lurraldeen artean galdu den salerosketa. Zati gero eta handiagoa da kanpora esportatzen dena, zenbait produktuk balio erantsi handia hartu baitu. Duela 20 urte 400 milioi eurotik behera ekartzen zuen lehen sektoreko produktuen esportazioak eta orain 800 milioitik gora da.
Autokontsumoak gora
Azterketak datu positibo bat utzi du: bi erkidegoetan lehen sektoreko ekoizpen propioaren kontsumoa igo egin da krisi garaian eta %40,2 izatetik %45,7 izatera igaro da. Bertan hazitakoa bertan jaten dela orain lehen baino gehiago, alegia.
Nolanahi ere, euskal behategiak nabarmendu nahi izan du badirela hamar urte kanpotik ekarritako lehen sektoreko produktuak bertakoak baina gehiago direla; zehazki Espainia da elikagaien inportatzaile handiena, azken urteetan kopurua zertxobait jaitsi bada ere.