Nork agintzen du Nafarroan?

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona @xletona 2016ko mai. 13a, 08:18

Argazkia: Euskarazko haur eskolen alde egindako mobilizazioa.

Aldaketaren gobernua esaten diote. Eta bere jardunarekin, ikusten ari da zein gaitza zaion gauzak aldatzea. Iruñeko haur eskolen afera izan da aste bakarrean botereak agintea non den erakutsi digun bigarren aldia.

“Bada, aurkez zaitez hauteskundeetara!”. Miguel Sanzek 2011n Nafarroako Ahal Duguko Laura Perez idazkari nagusiari Espainiako egungo Erregearen aurrean jaurtitakoa buruan ibili dut egunotan:  Eztabaidan jardun ondoren, esan nahi zion gauzak aldatzeko hori zela bidea, baina “bere gloria minutua” izan zuen herritarra gutxietsiz bota zuen esaldia, jardunean ohikoa zuen zakartasunez.

Herritar hura Nafarroako Gobernuaren hertzera iritsi da gaur egun eta bere indarrarekin gobernua sostengatzen du. Aldaketaren gobernua esaten diote. Eta bere jardunarekin, ikusten ari da zein gaitza zaion gaur egun gobernu bati gauzak aldatzea. Boterearen ingurumaritik bada joera pentsatzeko instituzioek aldatzen dutela gizartea, haiek gizartearen zati bat besterik ez direla gehiegi pentsatu gabe; areago, indar gutxiago edo gehiagorekin, boterearen zatitxo bat dira. Esparru askotan ikusten da hori, baina batez ere dirua behar den horietan –gehienak– eta identitatea edo herritartasunean eragin dezaketen haietan. Nafarroan aldaketak dituen arazoen bi adibide oso esanguratsu izan dira joan den astean ETBrekin eta Iruñeko haur eskolekin gertatu dena.

ETBrena boterekeria zakarra izan da. Ez hizkuntza eskubideak, ez ETBren seinaleak inori trabarik ez egitea, ez Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren arteko protokoloa, ez herritarren gehiengoaren nahia… ezer ez, legea da garrantzitsuena. Berdin dio legea indarrean jartzeak arazo gehiago ekartzea ez jartzeak baino, kontua da legea horixe dela batez ere, lege, aginte, indar, eta noizean behin erakutsi egin behar dela, zakar bada ere: “Astebete duzu seinalea eteteko, bestela ekipoak zigilatuko dizkizut”. Espainiako ministerioek halaxe ebazten dituzte txikikeria hauek.

Egin eta Euskaldunon Egunkaria ixteko Guardia Zibila bidali zuten, orain gutun bat. Emaitza berdina da, haien irakurleek ezin zuten hautazko medioa irakurri eta Nafarroako milaka herritarrek ezin dute ETB hautatu. Eta herritarrari nahi duen komunikabidea irakurtzeko modua ezabatzen bazaio, ez dago informazio askatasunik. Noiz ez dakigu baina, zorionez, ETBkoak izango du bueltarik. Orain kontua da aginte makila noren eskuetan den erakustea. Gainerakoan, botereak baditu bidezidor ugari nahi ez dituen gatazkak saihesteko.

Epaietan hainbatetan agertzen den “errealitate printzipioa” da bidexka horietakoa. ETBren kasuan zeresanik ez, errealitateak aspaldi gainditu du nabarristen eta lagunen euskararekiko setakeria, baina oraindik ere hauek badute nahiko botere euskaldunon urratsak geldiarazteko. IRUÑEKO HAUR ESKOLEN afera izan da aste bakarrean botereak agintea non den erakutsi digun bigarren aldia, oraingoan togaz jantzita. Iruñeko Udalak bi haur eskolatan hizkuntza eredua aldatzeko bideratua duen prozesua bertan behera utzi du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiko Antonio Sanchez Ibañez magistratuak. Epaile honek lehenago ere aintzat hartu du estatuaren abokatuaren salaketa eta iazko Sanferminetako txupinazoan ikurrina jarri izana lege iruzurtzat jo du (beste epaile batentzat, aldiz, Tafallako txupinazoan ikurrina argudio berberekin ateratzea ez zen lege iruzurra).

Batzuen eskubideak eta besteenak daude airean haur eskoletako aferan: funtsean hezkuntza eredua, hizkuntza eredua eta zentroa etxetik ahalik eta gertuen egotea. Oraingo beren bi zentroak (Donibane eta Printze Harresia) euskarazko eredukoak izango direlako, 10 minutura diren beste bi zentrotara mugitu beharko zuketen erdal eredua nahi dutenak. Prozesu horrek dakartzan buru hausteak baliatu ditu epaileak Iruñeko Udalaren erabakia kautelaz eteteko.

Hau da, 53 haur eta familien eskubideak babestu ditu, 200dik gorakoenak zanpatzeko, era horretan hauek ez baitute eskubiderik izango ez hizkuntz eredua hautatzeko, ezta etxetik gertuen dagoen zentroa hautatzeko ere. Iruñean 17 haur eskoletatik bi dira bakarrik euskaraz –eskaria %37koa da– eta Udalaren aldaketak aurrera egingo balu lau lirateke. Bistan da, eskubideen jabeak eskubide bakoak baino garrantzitsuagoak dira; hots, erdaldunenak euskaldunenak baino.

Argudioetan lotsagabe jarduten du epaileak, Udalaren argudio teknikoak “ad hoc” egindakotzat joz eta helegitea aurkeztu duen gurasoarenak “gaietako ikerketetan oinarrituak”.

Zalantzarik ez, hauteskundeak irabazi edo ez, botereak botereak baditu milaka aurpegi eta erakutsi egiten ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!