Onartzekotan, Udalak 2017ko ekaina baino lehen jarri nahi luke egitasmoa martxan; erakundeak 27.000 eta 50.000 euro artean aurreztuko luke lehen urtean. Energia berriztagarria merkaturatzeko udal agentziak kaleko argiztapen publikoa hornituko luke hasiera batean eta bigarren urtetik aurrera, eraikin publikoak hornitzeko gai izatea aurreikusten du Udalak; ez du baztertzen denborarekin udal alorretik at leudeken bezeroak izaterik.
Energia berdearen aldeko apustua berretsi eta kontsumitzen duen energiaren %100 gisa horretakoa izatea lortu nahi du Udalak. “Energia berriztagarrien alorrean jauzia eman nahi dugu, instituzioen ohiko adierazpenetatik ekintzetara”, azaldu du.
Planteamendu berriarekin bitartekarien kostuak aurreztuko lituzke Udalak, eta beste hainbat alorretara bideratzeko aukera luke: Udalaren aurrezkiak handitzea, eraginkortasun ekonomikoaren aldeko inbertsioak eta pobrezia energetikoaren aurkako politikak aipatu ditu, besteak beste.
Kaleko argiztapen publikoak 2,8 milioi euroko kostua izan du azken urtean, orduko 16,9 giga watteko batez besteko kontsumoarekin; udal eraikinak argiztatzeak, berriz, 1,2 milioiko kostua izan du, 9,5 giga watt kontsumituta.