ANE URKOLA AGIRREZABALA @irrikaz
Nafarroako Parlamentuko Ogasuna eta Finantza Politika batzordeak onartu du “Nafarroako zor publikoaren zenbatekoa, zein egoera ekonomikoek eta fiskalek sortu duten, eta berari aurre egiteko aukerak aztertzeko” batzordea sortzea. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute, PSN abstenitu egin da, eta UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute.
Alderdi bakoitzak batzordean parte hartuko duen ordezkari bat izendatu beharko du martxoaren 4a baino lehen. Batzordeak sei hilabeteko epea dauka egoera aztertzen duen txostena egiteko. Gaur egun, 3.500 milioi euroko zorra du Nafarroako Gobernuak eta zor horren kontu-ikuskaritza egingo dute erakunde baten bidez. Bost aldiz handitu da zorra 2005tik hona –nafar bakoitzak 1.000 euro zor zituen 2005ean, eta iaz 5.000 euro zor zituen herritar bakoitzak–.
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak tresna “baliagarritzat” jo du batzordea, “epaiketa politikotik haratago, zorraren inguruko informazioa” emango duelako: “Garrantzitsua da jakitea zergatik handitu den zorra hainbeste, eta egon ote den legez kontrako jarduerarik”. Jokin Castiellaren (Geroa Bai) ustez, “erreminta erabilgarria” da, eta balioko du “orain arte egindakoa mahai gainean jartzeko”. Fátima Andreo Podemoseko parlamentariak nabarmendu du zorraren zenbatekoa “ordainezina” bihurtu dela, eta gaineratu du ez dela gauza bera zorra sortzea inbertsio publikoak eta politika sozialak abian jartzeagatik, edo beste erabilera batzuengatik”. José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ere adierazi du “erabilgarria” dela proposamena.
PSN abstenitu egin da: Ainhoa Unzu zorra aztertzearen alde dago, baina ez txosten baten bidez: “Lan hau egiteko beste instituzio batzuk dauzkagu, Nafarroako Kontuen Ganbera, esaterako”. UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute, zorra “aztertuta” dagoela argudiatuta. Juan Luis Sánchez de Muniáin UPNko alderdikideak ziurtatu du “epaiketa politikoa” egin nahi dutela, eta parlamentuak ez duela “sinesgarritasunik”. Ana Beltranek (PPN) galdera luzatu die beste alderdiei ea zorra bidegabea den jakin nahi duten, ordaindu ez dezaten, eta atzera begiratzeari uzteko eskatu die.
Ikusi beharko da zein diren txostenaren ondorioak: legez kontrako jarduerarik bat ote dagoen zorraren atzean, eta kasu horretan sortzen den zor bidegabearen aurrean nola jokatzen duten. Beste zenbait herrialdetan, Grezian esaterako, Europar Batasuneko legebiltzar bateko batzorde berezi batek ikertu zituen herrialdearen zor itzelak, erabakitzeko horietatik zenbat diren legezko bezain ordaindu beharrekoak, eta zenbat bidegabeak. Gutxienez sei hilabete itxaron beharko da Nafarroan zor bidegaberik ba ote dagoen, eta zorraren zati bat ordaintzeari uko egin diezaiokeen ikusteko.