ARITZ GALARRAGA @aritzgalarraga
Baztan baitan, Baztan izan ginen, Miguel Sanchez-Ostiz –hemendik aurrera MSO– elkarrizketatzen. Barka topikokeria, baina zer nahi duzue, hala izan zen. Zehatzago, Arraiozen, bertan bizi baita azken garaiotan idazle iruindarra. Lekaroz, Zozaia, orain Arraioz, baina 1995etik Baztan: “Baztan izan da nire bizitzan ondoen bizi izan naizen lekua, erosoen, askeen, inguruarekin harreman onenak izan ditudan lekua”. 2007an utzi zuen, Iruñera itzultzeko, baina ziztu bizian egin zuen atzera. Orain ere ez du ezer jakin nahi Iruñeaz, “gero eta arrotzagoa zaidan hiri bat”. Esan izan du inoiz: “Iruñean pentsatzen badut, nire baitan gero eta hilagoa dagoen zerbaiten antza hartzen du, apenas motibo literario bat, inork nekez ezagutuko lukeen memoriaren eszenatoki bat”.
Baztan, beraz. Gure bazterrak, ordea –eta barka bigarren topikokeria–, ez dizkigu lanbroak ezkutatzen: eguzkia parez pare, zerua bleu glacé, are bukolikoago eginez berez beste edozein bazter bezain krudela datekeen paraje ederra: adulterio, suizidio, biolazio, homizidio kontuak azaldu izan dizkiote bertan MSOri, guztiak ere “oso literarioak”. Gure bazterrak, hartara, baina ez Mikel Laboaren kanta hartan bezala: “Malenkonia biziko abestia, landarediak pisu izugarria hartzen duen hodei apaleko egun euritsu horien antzera”. Eta auskalo malenkonia hitza den egokiena, baina MSOren aldartea ez da kanpokoa bezain eguzkitsua: “ez dakit”, “berdin zait”, “ahaztu dut” erabiltzen ditu etenik gabe. Nahiz behin baino gehiagotan esan duen: orainaldia dela bizi beharreko denbora, existitzen den bakarra, ez dagoela lekurik nostalgiarentzat, hau da, poesia txarrarentzat.
Esfortzu handia egitetik dator, esfortzu literario, intelektual eta, zergatik ez esan, pertsonal handi bat. 36ko Gerrak Nafarroan egin makurkeriei eskainitako trilogia bat, 1.200 orrialdetik goiti, orduak, egunak, urteak kendu dizkion proiektu bat, halaber osasun poxi bat. “Akituta, indar hustuta geratu naiz, ondoez handiarekin. El Botín bukatu nuenetik ez dut bururik altxa”. Gauza bat baita 36ko Gerraz New Yorketik idaztea, eta beste bat gertatu lekuan berean egitea: “Agertzen diren izenak ez dira, Dovstoieskirenean bezala, errusiarrak, zure familiarenak baizik, ahaide, adiskide, barride, herrikideenak”. Horrek dena aldatzen du: “Ez duzu gauza abstraktuez hitz egiten, gertatu ziren gauza batzuez baino, oso ondo ezagutzen dituzun paisaia batzuez, zureak direlako”.
Gerra pasa zela diote, baina ez: “Hementxe dago, bestela ez nukeen horri buruz idatziko”. Ez dira gorabehera soilik historikoak, “gaur-gaurko gatazka politiko eta sozialerako munizio bizia baizik”. Eta ez da hainbeste hamaika aldiz kontatutakoa berriz kontatzea, “ez bada ulertzen saiatzea orduko hartan gertatutakoak zergatik hunkitzen gaituen orain, behartzen gaituen posizio hartzera”. “Ez dut idazten historia errepika ez dadin, zerrikeria haien protagonistak zer egiteko kapaz izan ziren gogoratzeko baizik; orain ere, aukerarik txikiena izango balute, zer egiteko kapaz liratekeen. Borrokatzeko, ahal dudan neurrian, dominazio modu bat den oroimenaren suntsiketaren kontra”. Kontakizun historiko bat osatzea da helburua, beraz, ez mendekua edo kontu garbitzea. Eta barkamena baino, egindako minaren aitorpena eta konponketa eskuratzea.
El Botín nobelaren hasieran Walter Benjaminen zita bat dator: “Izena izan ez dutenei ahotsa ematea da memoria historikoa”. W. G. Sebaldek, ordea, memoria historikoari kritika egin zion, ez aski, ez fidagarri, huts eta errepikakor zelakoan. “Madrilgo alkateak Millan Astrain (inguruotan esaten zitzaion moduan) kale izendegitik kentzeko nahia agertu
du. Kontrakoen erantzuna: ez zen frankista izan, ez zuen 36ko Gerran parte hartu. Gezur hutsa. Nola ez duzu hori idatziko, egia historikoa ere aldatu nahi dutenean? Berdin zait Sebaldek zer esaten duen. Ezin da onartu historiaren berridazketa hau. Nahiko motibo bada idazteko. Ados, aski ez izan arren. Eta aski ez izatea baino, konponezina da, idazten duzuna idazten duzula, ez dago biktimak eta oinordekoak erreparatzeko modurik, jartzen ahal dute plaka bat, lau sos eman. Baina benetako arazoa da ez dagoela borondaterik krimen horiek argitzeko”.
36ko Gerraz idazteko asmoaren antzinakotasuna erakusten duen testu bat aurkitu dugu, La casa del rojo egunerokoan: “Gogoan dut orain urte batzuk Carlos Pujoli komentatu nion nobela hura: 1937-1938ko Iruñeari buruzko nobela. Oraindik idatz dezakedana. Narratzailea bilatu beharra nuen. Buruan ibili nituen zapata garbitzaile bat, egunkari saltzaile bat, liburu zaintzaile bat. Gero utzi egin nuen”. 1996ko maiatzaren 28koa da testua. Inon irakur daiteke, halaber, 2005ean, MSO delako bat zela kontakizuneko protagonista. “Hainbeste urtean, goitik behera aldatu da proiektua: hasieran nobela-nobela zen, Mola jeneralaren eguneroko lapurtuak oinarri zituena. Nobela hura eskaini nion Espasa-Calpe argitaletxeari. 2005ean esan zuten ezetz, beste nobela bat zeukatela Molari buruz. Oso ondo etorri zitzaidan Pio Barojaren biografia bukatzeko –nahiz ez zidan ekarri pozik batere: ez zitzaien gustatu oinordekoei, hagiografia hutsa baino ez dutelako nahi, eta negozioak martxan jarrai dezala–. 2011n, San Kristobal gotorlekura egindako bisita baten ondorioz, proiektua berriz hartu nuen arte”.
Egin beharrekoa
MSOk egin beharrekoa ote zen, auskalo bere bizitzako proiektu literario garrantzitsuena izan ote den, berak nahiago du aurrera begiratu. “Badago beste proiektu bat, nire familiaren historiarekin zerikusia duena, ezin dena gehiago atzeratu: deituko da Chimonco zikloa” (erreferentzia egiten dio Obanos herriko Chimonco etxe familiarrari, Los papeles del ilusionista eleberriaren portadan agertzen den berbera). Nobela moztxeagoak, gertaera zehatzagoak, beste idazmolde bat. “Trilogia izan da zulatutako kotxe baten gurpila puztea bezala, puztu eta puztu, eta testua hedatu, eta ez testuaren beharragatik, puztearen inertziagatik baizik. Horrek estiloa honda dezake, eta idatzi nahi duzuna kaltetu”.
Trilogiak izan duen harreraz galdetuta, kopeta zimurtu du. “El Escarmientoz zerbait hitz egin zen, El Botínez ezer ez”. Baina are harrigarriagoa zaio iaz ateratako La perorata del insensato eleberriarekin gertatutakoa: “Asko jarri nuen liburu horretan, eta erantzuna izan da erabateko isiltasuna. Nire bizitzan hartu dudan makilakadarik handiena”. Madrilgo kazetari entzutetsu batek esan zion: “Oso desagertuta zaude, borroka-argitaletxe horretan argitaratzen duzunetik”. “Pamiela bezalako argitaletxe batean ateratako liburu batek aukera asko dauka kasurik egin ez diezaioten. Ez dago aitzakiarik, liburuak dendetan daude, prentsako jendeak jasotzen ditu; orduan norbaitek eman behar du azalpenen bat”. Las pirañas eleberriaren oihartzuna aipatu diot: “Orain aterako balitz ez luke batere izango. Nitaz esan zuten Batasunakoa nintzela eta ETAren tesiak babesten nituela, 2005ean, kultura munduan pisua handia duen PPko goi kargu batek. Esaldia iltzatuta daukat oraindik. Egunen batean norbaitek ikertuko du garai hartan zer artikulu idatzi ziren Madrilen, eta zer esan zen. Ni harrapatu ninduen haizete batek bezala, agente literariorik gabe geratu nintzen, adibidez”.
Garai batean ez zen hala: Herralde, Euskadi, Kritika, Principe de Viana sariak, Espainiako argitaletxe garrantzitsuenetan liburuak, Anagrama, Seix Barral, Peninsula. “Anagrama uztea izan da bizitzako erabakirik txarrena. Baina utzi nuen Seix Barraleko tipo batek nahastu ninduelako. Eta gero joan nintzen Espasa-Calpera, eta hori jada izan zen erabateko desastrea. Pio Barojaren biografia, esaterako, ez zuten inon aurkeztu”. Rafael Chirbes zena atera da hizketara: “Chirbesek egin zuen nigatik ahal izan zuen guztia. Oroitzen dut Kritikaren Saria eman ziotenean nola joan zitzaizkion TVEko kazetari batzuk. Hasi zen nitaz hitz egiten, geldiarazi zuten arte”.
Hurrena zer aterako duen. Dietario bat, Rumbo a no sé dónde, baina azkena: “Aurreko batean, Aizkolegi menditik jaisten, artalde baten atzetik, ardi kaka freskoak ikusi nituen. Eta dietario idazle bat ikusi nuen bertan: errealitatea murtxikatzen duzu, digeritzen, eta kakatxoak uzten zoaz. Kontxo, idaztea ez da hori. Eta azkenaldian errealitatea asko errepikatzen da, gauzak azkartu egin dira, herrialdea zitaldu egin da modu beldurgarrian. Nekatu naiz ustelkeriak, abusu polizialak, biolentziak apuntatzeaz. Eta ez da generoan fedea galdu dudala: 1974tik idazten ditut egunerokoak, balio didate oraindik pentsatzeko; baina beste erabilgarritasun bat eman nahi diet, ez hain engainagarria”.
Bidean geratutakoak eta datozenak
Ziklo berri bat dator orain: “Zintzilik ditudan liburu batzuk, saiakera laburrak: Oteizaren poesiari buruzkoa, adibidez, beste bat aguretasunari buruzkoa, beste bat sustraitzeari”. Eta garai batean osatu nahi izan zuen Euskal Herriaren historia garaikideari buruzko saila? Hasieran sei nobelako proiektua, Las armas del tiempo, atera zen baten bat: “Bidean geratu zen, ez dut horri buruz idazteko gogorik. En Bayona bajo los porches izan zen bigarrena, saltsa egon zen pertsonaietako
baten familiarekin, molestatu ziren, eta Iruñean izan nituen liskarren hasiera izan zen. Badirudi historia idatzi behar dela garaileek diotenaren arabera. Hirugarren nobela bat idatzi nuen, La nave de Baco, basoa gainezkarazi zuen tanta”.
Izan zuen garai bat, Bolivia, Valparaiso, Bucarest, urrutira joaten zena: “Baina joaten garen lekura joaten garela, lehenago edo beranduago abiapuntura itzultzeko joaten gara. Sekula ez zara erabat esku hutsik itzultzen, noski: baduzu kontatzeko zerbait, zure kontakizuna, eta hori da altxorrik handiena. Gainera, ez duzu ahaztu behar osasun arrazoiengatik bidaiatzen zarela”. Jarraitzen dut asko joaten Baionara –liburuak erosteko bizioarekin konplitzera, Arragon liburu dendara–, eta Donibane Lohitzunera, familia politikoa bertan bizi baita. Eta jarraitzen du idazten, asko idazten. “Zertarako? Amore ez emateko, ez etsitzeko. Gaztetxotatik, idatzi egin nahi nuen. Egiazko heriotza da desertzioa. Gogogabetasuna gainditu behar da, dena zakurraren salara bidaltzeko tentazioa. Eta sinesten duzun hori egin”. Azken esaldi hori bueltaka abiatu dugu itzulerako bidaia. Ez sobera urrutira, ez behintzat Baztango lurrean, MSO baitan izan ginela ahazteko tarte batean.
"Trilogia hau izan da zulatutako kotxe baten gurpila puztea bezala, puztu eta puztu, eta testua hedatu, puztearen inertziagatik. Horrek estiloa honda dezake".
"Anagrama argitaletxea uztea izan da bizitzako erabirik txarrena"
"'El Botín' bukatu nuenetik ez dut bururik altxa"
"Ezin da onartu historiaren berridazketa hau. Nahiko motibo bada idazteko, horrekin aski ez izan arren"