Egun bat Jose Luis Guerinekin

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko ots. 21a, 00:00

Jose Luis Guerin zuzendariari ia egun osoa eskaini zion Iruñeko Ikuspuntu festibalak joan den larunbatean, hamargarren edizioa itxi aurretik. Goizean L’Accademia delle muse aurkeztu zuen, sarrera onarekin: “EAJren ekitaldian baino jende gehiago elkartu gara eta hori ez da erraza”, egin zuen broma Oskar Alegria festibaleko zuzendariak, Baluarten egun berean antolatu zuten Batzar Nagusi jeltzalea aipatuz. Zinegile kataluniarraren fikziozko pelikulak beste mota bateko fikzioa izan zuen lagun beraz –horrelako aukerak eskaintzen dituzte gure ekipamendu kultural handiek–.   

Nolatan fikziozko lan bat zinema dokumentala ardatz duen festibalean? Beste erremediorik ez duelako izan, osterantzean Iruñeko aretoetan ez zutelako proiektatuko. Konbentzionaletik urrun dagoen istorioa da nolanahi, faktura hurbilago baitago dokumentaletik eta lan-metodoa ere arras berezia da: gidoirik gabe errodatua eta filmean bezala, benetan ere Bartzelonako Unibertsitateko ikasle diren protagonistekin. Hortaz, asmatutako tramaren eta kontakizun faktualaren arteko mugak non dauden galdetzen duen lana da.

Irakasle italiar bat, batez ere emakumez osatutako musen akademia batean eskolak ematen. Goi mailako literaturari buruzko gogoetak, erreferentzia klasiko ugari, eztabaida erudituak… eta pixkanaka ikasleekin edukitzen hasiko den harreman sorta. Dena oso plano intelektualean gertatzen da eta hasieran pentsatzen duzu bikote harremanei buruzko planteamendu ez normatiboren batera iritsiko direla. Keba: apurka jabetzen gara ikasleak maisuaren autoritate falikoaren menpeko bihurtzen direla eta, funtsean, reality show bateko harreman kodeak erreproduzitzen dituztela –Dante errezitatuz, hori bai–.

Un príncipe para tres princesasen bertsio kultu bat beraz? Tira, distantzia ironikoz ikustea eskatzen duen lana behintzat bada. Edo betaurreko moreak jantzita: emakumeek bikote-harremanetan jasaten duten azpiratzeak zein mekanismo konplexuak izan ditzakeen berresten du L’Accademiak; zein eraginkorrak diren mekanismo horiek, baita filmeko emakume ahaldunduen kontra ere –salbuespen bakarra Carolina izeneko pertsonaia da, zeina irakaslearen autoritate intelektuala auzitan jarriz nolabait askatzen den–.

Arratsaldean oso bestelako lana estreinatu zuen Guerinek. Le Shapir de Saint-Louis enkarguzko obra da eta Alain Resnaisen Guernica ekarri zidan gogora, margolan bat grabatuz eta testuaren laguntza hutsarekin kontatua baitago. Beste garai bateko filma dirudi, kasik omenaldi bat Resnaisek berak edo Chris Markerrek egindako zinemari. Ondoren zuzendariarekin izandako tertulian ikusleek bi filmetako zeini buruz galdetu zuten ikusita, argi geratu zen bigarren ikusitakoa lan txikitzat hartu genuela gehienok.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!