Nafarroako Gobernuak badaki euskara, sinboloak eta Euskal Herriarekin zerikusirik duen edozerk balioko duela oposizioaren egurra jasotzeko. Edozerk balio du, eta nola gainera. Baina hori espero zen.
Espero ez zena “barrukoen” oposizioa, hau da, “identitate gaiekin” hain oposizio gogorra egingo zitzaionik. Hezkuntza Saileko Lan Publikoaren Eskaintzaren (LPE) aferak baietz erakutsi du. Ezkerra eta Ahal Duguri esker, oposizioa gai izarra bihurtzen ari da LPEarena.
Izquierda-Ezkerrak uste du Nafarroako Gobernuak lehentasuna eman diela gai identitarioei, eta hau ere euskarari lotzen duenez, ez dago amore amateko prest. Ahal Dugurena larriagoa da, nekez ager daiteke noraeza handiagorik: hasieran Legebiltzarrean LPEaren aurkako arbuioa erakutsi zuen, gero azkarregi ibili zirela esan eta adostasuna agertu, eta orain berriz desadostasuna.
UPNk eta PSNk sekulako gola sartu dute urteetan Ingelesez Ikasteko Programarekin (PAI gaztelaniaz) eta egoera arras korapilatsua bihurtu dute. Eta gobernu honi dagokio lehergailu hori desaktibatzea, etorkizunerako hezkuntza-pozoia baita.
Ez Ezkerrak ez Ahal Duguk ez dute zentzuz azaldu zertan oinarritzen duten beren ezetza. Emandako azalpena hau da: LPE honetan den euskarazko eskaintza nagusitasuna orekatu behar du erdarazko eskaintza handiago batek. Beraz, erdarazko 45 lanpostu eskaini daitezela. “Ezin da –dio gobernuak– bestela une honetan gaztelaniako lerroan jadanik soberan diren 26 funtzionario plazari beste 45 gehituko dizkiogu”. Berdin da, haiek entzungor egiten dute. Eta arrazoi gehiago badago, komeniko litzateke Ezkerrak eta Ahal Duguk beren jarrera hobeto azaltzea, bestela ulergaitza da eta. Ezkerrarena akaso hobeto uler liteke kontuan hartuz gero CCOOtik jasoko dituen presioak.
Ezkerrak oso egoera korapilatsuan jarri du Gobernua, batez ere bere botoarekin Parlamentuak gehiengoz arbuiatzen duelako LPEa, eta horrek paretaren kontra jartzen duelako edozein gobernu. Gobernuak ez du Legebiltzarraren beharrik, baina bistan da horrela ez dela berdin. Hala er, Barkosen gobernuak arre edo iso egin behar du, eta oraingoan arre egitea dagokio, bestelako jarrerek egoera okertu besterik ez dutelako egingo.
Zerrenda bakarra
Ondoren zerrenda bakarraren gaia etorriko da, hau da, euskaldunak eta erdal hiztunak bitan banatzen dituen zerrendarena. Euskaldunak hizkuntza bat gehiago dakitela? Bada tori zigorra. Gaztelaniaz bakarrik mintzo dena ezin da euskarazko zerrendetan aurkeztu. Logika hutsa. Euskalduna, ostera, bi zerrendetan egon liteke, baina bata edo bestea aukeratzera behartzen dute. Justuena litzateke irakasle guztiak zerrenda bakarrean egotea, bakoitzak dituen meritu guztiak erakutsiz eta horren arabera kokatuz zerrendan. Bi hizkuntza ofizial dituzten Estatuko gainerako erkidegoetan hori gertatzen da, Nafarroan bakarrik dira bi zerrenda. Nafarroa is diferent.