Versaillesko laranjondo nafarra

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko abe. 6a, 00:00

Erriberri (Nafarroa), XV. mendearen hasiera. Nafarroako Karlos III.aren emazte eta Gaztelako Henrike II.aren alaba Leonor Trastamarak Citrus Bigaradia aldaerako bost laranjondo hazi erein zituen. Zergatik? Bertsio soilenak dio Karlos III.ak urte batzuk lehenago Mediterraneoko kostaldetik ekarrarazitako laranjondoetako baten fruitu garratz eta mingotsaren zaporea aparta iruditu zitzaiola eta, horregatik, besterik gabe, haziak loreontzi batean jarri zituela.

Dramazaleentzako bertsioaren arabera, senar-emazteak ez omen ziren batere ondo konpontzen, eta Nafarroako erregearen bost sasiko seme-alabak bereak bailiran zaintzen zituen arren, arratsalde batez lehertu egin zen.

Erregina hiru alabekin eta bost sasikoekin askaltzen ari zen, laranjaren zaporeak barruan gordeta zeukan garraztasuna gogora ekarri zionean. Zortzi haurrei joateko eskatu zien eta, bakarrik geratu zenean, bost malko, sasiko bakoitzeko bana, erori zitzaizkion masailetan behera, laranjaren haziak zituen urrezko platerera. Senarrak gazteluko lorategiak zaintzeko Valentziatik ekarritako Matheu En Serra maisuari eman zizkion, batera erein zitzan. Karlosi ez omen zion sekula utzi bere saminean ernetako landarearen fruituak dastatzen.

Leonor 1416an hil zen Iruñean, eta laranjondoa Erriberritik gorte berrira eraman zuten. Hantxe egon zen 1499ra arte. Katalina I.a erreginak Bretainiako Ana lehengusinari eman zion ezkontza-opari. Ana Frantziako Luis XII.arekin ezkondu zenez, zuhaitza Frantziara eraman zuten. Diotenez, erresuman sartu zen lehen laranjondoa izan zen. Eta Frantziako Kondestable Nagusi Karlos Borboikoaren jauregian ipini zuten. Karlosi ondasun guztiak, zuhaitza barne, bahitu zizkiotenean, hauxe zioen konfiskazio aktak: “Bost adarreko laranjondoa, Iruñetik ekarritakoa. Bost adarrak denboraz bat egin duten jatorrizko bost zuhaitzetatik hazten dira”. Handik aurrera, Le Grand Bourbon izen zentzugabea erabiltzen hasi ziren espezimen bikainarentzat. 

1532an Frantzisko I.ak Fontainebleauko jauregira eraman zuen. 1687an, Versailles jauregia eraikitzen hasi ziren, Luis XIV.aren aginduz. Eta Jules Hardouin-Mansart arkitekto ezagunak l’Orangerie lorategia diseinatu zuen laranjondoa bertan jartzeko. Mende bat geroago, 1793ko urtarrilean, Luis XIV.ari lepoa moztu zioten. Zuhaitzak Frantziako monarkiak baino urtebete gehiago iraun zuen. 1794ko negu latzean hil zen laranjondo nafarra, hamasei metroko adaburua eta ia 400 urte zituela.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!