Akatsak. Hezkuntza Sailak gaizki bideratu du lan eskaintza publiko hau: bat, gobernu barruko informazioa eta kontsentsua behar bezala landu gabe atera du; bi, aurreikus zitekeen oposizioaren jarrera, baina herritarren artean –eta bereziki irakasle komunitatean– gaia plazaratzeko komunikazio kanpaina egokia behar zen, denboraz eta sakon garatua. Jose Luis Mendoza sailburuak onartu egin ditu akatsak, hurrengoan ondo egiteko ezinbesteko urratsa. Bada bigarren, hanka sartzea denbora gutxian, Imanol Aranbururen kargugabetzea ere horixe izan baitzen. Azken hau ez du onartu, baina gobernuaren jarraipena batzordearen bilkura bat behar izan zen arazoa bideratzeko.
Hauteskundeak. Abenduaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorrak giltzarri dira gai honetan eta, eskura jarriz gero, oposizioko alderdiek baliatu egiten dituzte halako egoerak, batez ere UPN, PSN eta PP. Baina baita ere Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kasuan ere. Ahal Duguk bere esperientzia eza erakutsi du hasieran, baina jarrera birpentsatu du; Ezkerrak berean jarraitzen du. Funtsean, azken alderdi honek uste du bera parte den gobernuak alor identitarioari pisu sinboliko gehiegi eman diola orain arte eta neurri honekin gainezka egin dute, benetako arazoaren eztabaidari heldu gabe
PAI. UPNk –PSNren sostenguarekin– PAIren patata beroa utzi diote egungo Nafarroako Gobernuari eta honek bi zentzutan bideratu behar du gaia aurtengo ikasturtean: batetik ea pedagogikoki egokia den baloratu behar du, nola jarraitu edo erreformatu ikusteko; bestetik, irakasle kopuruari dagokio, batez ere A eta G ereduetako ikastetxe publikoen %80ra hedatu delako eta honek gaztelaniazko irakasle elebakarrak soberan izatea ekarri duelako.
Sektoreko Mahaia. 2016 eta 2017rako 430 lanpostuko lan eskaintza publikoa sindikatuei egindako proposamena denez, oraindik bada berau berriskuteko aukerarik, baina sindikatuak oso banatuta daude eskaintzarekiko, eta ez dirudi gehiegi aldatzeko aukerarik egongo denik. Hala ere, elkarrizketak eta negoziazioak oraindik badute aukera bat eremu horretan.
Tekniko-politikoa. Beti doaz nahastuta irizpide hauek eta oraingoan irakasle kopuruen bilakaera aurreikuspenek izaera teknikoagoa eman badiote ere, ikuspegi politikoa ere ezinbestekoa da lan eskaintzan: bat, euskarazko behar beste plaza ateratzeko egon den gabezia historikoa orekatzeko; bi, etorkizunerako irakasle elebidun edo eleanitzen esparrua sendotzeko, hauek klaseak edozein eredutan emateko gai direlako; hiru, datorren ikasturtean eremu ez euskaldunean izango den D ereduaren zabalkundea aurreikusi behar delako. Edozer eginda ere, Gobernua ez da oposizioaren kritikatik libratuko. Barne orekan eta komunikazio ahalik eta sendoenean jarri behar du bere indarra.