Gero eta ugariagoak dira co-working, sormen laborategi, hub eta antzeko izenekin bataiatutako lekuak. Haietako askok sormenaren bueltako proiektuak haizatzeko bokazioa dute, bai; baina askotan elkartzen dira horren politak ez diren beste hitz batzuekin: start-upak, ekintzailetza, mezenasgoa, instituzionalizazioa, bertikaltasuna…
Iruñeko sortzaile multzo handi batek ordea, enpresetan baino herri mugimenduetan ohikoagoa den egiteko moduari heldu dio bere beharrei erantzuteko: antolakuntza eta autogestioaren bideari. Horren fruitu da bi urteko lanarekin Jaso ikastola izandako eraikinean garatu duten proiektua, Jazar sormen gunea.
Jasotzeko, lehenengo erein
“Aspalditik sumatzen zen Iruñean bazegoela artistek eta sortzaileek lan egin ahal izateko leku baten beharra, espazio fisiko baten falta”. Hala aitortzen du Jazarren buru-belarri dabilen Xabier Urroz Zabalzak. Hutsune hori osatuko zuen proiektua ez zen, hala ere, instituzioen makro-planen eskutik etorri. Etxabakoitz auzoko Jaso ikastola izandakoaren paretik egunero igarotzen zen kide batek izan zuen ideia: zergatik ez diogu erabilera emango utzita dagoen espazio horri?
Bi aldiz pentsatu gabe bildu zen eraikinaren jabetza zuen guraso elkartearekin. Jatorrizko ideia azaldu, konbentzitu eta lortu zuen alokairu merkea adostea, eraikina bi urtez erabiltzearen truke. Orduan hasi zen Iruñeko eta inguruko ehunka artistari eta egileri aukeraren berri ematen.
Hasiera hori zirraraz gogoratzen du Urrozek: “Ahoz aho zabaltzearekin batera, asko hasi ginen asteroko bileretara etortzen, nahiz eta oso argi ez izan zer topatuko genuen. Tartean bazegoen etxebizitza proiektu bat buruan zuenik, baina azkenean, eta bilera askoren ondoren, sortzaileentzako eta sormenerako leku bihurtzea erabaki genuen”.
Lehenengo bilera haiek baliatu zituzten 13 urtez hauts dezente pilatzen ari zen eraikina txukuntzen hasteko. “Bertan geundenon beharrak identifikatu genituen eta hasi ginen pixkanaka auzolanean espazioak horri erantzuteko prestatzen”. Horregatik guztiagatik guraso elkarteko kideak haiekin pozik daudela dio. “Lasaitzeko motiboa ere izan gara. Utzitako eraikin batek arriskuak baditu, eta orain badakite guk ondo zainduko dugula”.
Nola egin bideragarri?
Lehen pauso horiek pixkanaka definitu zuten gaur egun Jazarren antolaketa eredua dena. Espazioaren antolaketari dagokionez, beheko bi solairuak denek erabiltzeko espazio komuna dira. Tartean badaude auzolanean eta zerotik atondu dituzten jantokia, plaza handi baten tamainako skate parkea, entsegu aretoak, eskalatzeko txokoa ere baduen gimnasioa, eszenatokia, sukaldea, liburutegia, baratzea… Baita, gehiago edo gutxiago, gehienek erabiltzen dituzten lan-gelak ere: estanpazio eta serigrafia tailerra, brikolaje tailerra, argazki estudioa…
Baliabide horiek nahi beste erabili ahal izateko, Jazarreko bazkide egin beharra dago, 25 euroko hileroko kuota ordainduz. Urrozekin eta beste bi kiderekin batera Jazarren arkitektura estudioa sortu duen Ioar Cabodevillaren arabera, mesedegarria izan da erabaki hori: “Horrela tailerrak erabiltzen dituzten guztiek asanbladetan parte hartu eta proiektuan sinestea lortzen dugu, arduratsuagoak izatea”. Hala ere, Jazarretik kanpoko makina bat kolektibori uzten diote maiz behar duen oro erabiltzen.
Aldizkako lanak egiteko nahikoa baliabide badaude espazio komunetan, baina hala nahi dutenentzat, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera ere badago. Bigarren, hirugarren eta laugarren pisuan dauden ikasgela izandako 30 eta 60 metro karratuko gelak prestatu dituzte horretarako. Txikienengatik hilean 50 euro ordaintzen dute, eta 100 handiagoen truke. Diru horrekin eraikinaren alokairua eta gastu komunak ordaintzen dituzte.
Besteak beste, arkitektoak, txalapartariak, garagardo egileak eta argazkilariak egunerokoa konpartitzen jarri ditu eskaintza horrek. Gaur gaurkoz txoko guztiak hartuta daude, eta itxaron-zerrenda ere bada.
Autogestioa: eguneroko erronka
Espazioaren handitasunaz gain, erabakiak hartu eta proiektua norabidetzeko moduak bereizen du Jazar. Duela bi urte arte apenas elkar ezagutzen zuten dozenaka lagunek asanblada bidez ematen diote forma etengabe garatzen ari den ideiari. Bi asteroko formula probatu ostean, asteroko asanblada egiten dute orain. Horrez gain, eguneroko beharrei erantzuteko lan-taldeak ere badituzte: administrazioaz arduratzen dena edo komunikazio lan-taldea, adibidez. Tailer komun bakoitzak ere bere lan-taldea du.
Asanblada gisa funtzionatzeak etengabeko moldaketa eskatzen duela argi du Cabodevillak. Taldea oso anitza dela dio, bai adinari, bai jatorriari dagokionez ere. “Badaude gaztetxeetan urte luzez aritu direnak, eta beste batzuk hemen izan direnak lehenengo aldiz asanblada baten parte. Batzen gaituena sormena eta autogestioan sinestea da”.
Zentzu horretan, aitortzen du beti ez dela erraza aniztasun hori kudeatu eta erabakiak hartzea. Bi edo hiru aldiz aldatu behar izan dute garbiketa txandak antolatzeko eredua, eta badaude kuota ordaintzerik ez dutela-eta zorra pilatu duten bazkideak. Baina zailtasun horiei aurre egiteko ahalegina egiten dute, asanbladen bidez, enpatia landuz eta elkar lagunduz. “Interesgarria da sormena ardatz duten aktibitateetan aritu arren beste pertsona batzuek oso ikuspegi desberdina dutela ikustea, eta haiena ere entzuten jakitea”. Gauza bat da ziurra: beste edozeinek bezala gatazkak eta une loriatsuak dituen elkarbizitza horretan sortu diren harremanek eta sareek askoren proiektuak indartu eta berriak sorrarazi dituela. Eta jarraituko dutela, autogestioak ematen dien askatasuna baliatuta, helburu eta erronka berriei aurre egiten.
Orekari: Jazarri esker sortu zen arkitektura estudioa
Lilia Aizkorbe, Xabi Urroz, Ioar Cabodevilla eta Itsaso Iturriozek arkitektura ikasi zuten Donostian, eta Iruñera lehenengo praktikak egitera itzultzean, ez zitzaien lan munduan aurkitu zutena gehiegi gustatu. Orduantxe ezagutu zuten Jazar, eta karrera amaierako proiektua aurrera eramateko leku aproposa izan zitekeela otu zitzaien. Bide batez, lizentzia eskuratu ahal izateko, eraikina egokitzeko proiektua hasi ziren sortzen. Horixe izan zen batera egin zuten lehenengo lana, eta lan horrekin hasitako dinamikatik etorri zen Orekari izendatu duten arkitektura estudioa. Beste lanak utzi, eta estilo finez atondu duten 60 metro karratuko txokoa hartu zuten Jazarren.
Beste lekuetan pentsa ezinak liratekeen sinergiak Jazarren sortzen direla diote, lan eta proiektu asko etorri zaizkiela horri esker. “Asko laguntzen diogu elkarri hemen gaudenok, eta gainera, proiektu komunaren parte ere sentitzen gara”.
Tropi Mukiak: “Inor ez besteen gainetik”
30 metro karratuko txokoaren alokairua ordaintzen dutenetako bat da Tropi. Han darama aurrera serigrafia eta ilustrazioa uztartzen dituen Mukiak proiektua. Mundu horretan barneratu nahi zuela erabakita zuen Jazarren gertatzen ari zenaren berri izan zuenerako. “Lehenengo urteurreneko festara hurbildu nintzen jakin-minez, eta izugarri gustatu zitzaidan bertan aurkitu nuena, Mundu berria ireki zen nire begien aurrean”.
Asteroko asanbladetan hartzen du parte, baita jantokiko lan-taldean ere. Autogestioaren oinarrian komunitatea dagoela dio, eta sormen gunean norberak asko jasotzeko aukera duen arren, eman ere egin behar dela. Baina hori bai: “Hemen ez dago inor besteen gainetik. Ez du axola hasieratik hemen zauden edo geroago etorri zinen; lan egiteko prest bazaude, taldeko kidea zara, beste guztiak bezala”.
Mukiak proiektuak Jazar gabe bide zailagoa izango zuela uste du. Batetik, antzeko kezkak eta egoera bizi duten pertsona askorekin ideiak konpartitzeko aukera ematen diolako, eta bestetik, beste edozein lekutan baino inbertsio txikiagoa egin behar izan duelako. 75 euro hilean ordaintzen ditu denera, 25 euroko bazkide kuota, eta 50 txokoaren truke. “Baina garrantzitsuena honetan jartzeko indarra eman didan giroa topatzea izan da”.