Iruñea eta Euskal Y-ren arteko prestazio handiko trenerako kontsulta epea ireki dute

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko aza. 5a, 12:48

Argazkia: Altsasuko tren geltokia (Arg.: Bernard-CC By SA).

Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Iruñea eta Euskal Y-ren arteko prestazio handiko trenbide berriaren proiektuari buruzko kontsulta epea zabaldu du, egitasmoaren ingurumen-inpaktu azterketa egite aldera.

Hala, azterketa horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriez iritzia emateko 30 eguneko epea dutela jakinarazi die ministerioak Nafarroako eta EAEko gobernuetako hainbat saili, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako 30 inguru udali eta Euskal Herriko zenbait talde ekologistari, besteak beste.

Trenbide proiektuari buruz ministerioak igorri duen dokumentazioan ikusten denez, Espainiako Gobernuak balizko lau ibilbide proposatzen ditu nafar AHTren eta Euskal Y-ren arteko lotura egiteko (horietatik bat aukeratu beharko litzateke). Lau ibilbideak Iruñerriako Zuasti herritik abiatuko lirateke; lehenbizikoa Tolosaraino, bigarrena Beasaineraino, hirugarrena Ezkio-Itsasoraino eta laugarrena Gasteizeraino.

“Lehen hirurak garestiegiak, laugarrena alferrekoa”

Nafarroan AHTren aurkako borrokan nabarmentzen ari den Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du lau ibilbide horietako lehen hirurek ingeniaritza-lan eskerga egitea eskatuko luketela, tartean dauden mendikateak gainditu ahal izateko (lehen kasu bietan Aralar, hirugarrenean Altzaniako mendiak), eta beraz euretako edozein oso garestia eta ingurumen-inpaktu handikoa suertatuko liratekeela.

Zuasti eta Gasteiz artekoari, berriz, “itxuraz merkeagoa eta inpaktu txikiagokoa” deritzo Sustrai Erakuntzak. Haatik, alferrekotzat dute hori ere, “ez bailuke hobetuko gaur egun existitzen den trenbidea”.

Azaldu dutenez, dagoeneko badago trenbide bat Iruñea eta Gasteiz artean, baina Espainiako Gobernuak ez du aurreikusi hori aprobetxatzea, haren paraleloa izango litzatekeen azpiegitura guztiz berria eraikitzea baizik.

Iruñetik Altsasura bitarteko zatian bide bakarrekoa da gaur egungo linea, baina bigarren bidea gehitzeko aukera egon badago, trenbidea egin zen une beretik aurreikusita baitzegoen hala egingo zela etorkizunean, eta beraz Adifek, Espainiako Estatuko trenbideak kudeatzen dituen enpresa publikoak, baditu erreserban horretarako behar dituen lur sailak.

Trenbide berrian orduko 250 kilometroko abiaduran ibiliko lirateke trenak, eta nola bidaiariak hala merkantziak garraiatzeko erabiliko litzateke. “Ez dio oraingoari funtsezko hobekuntzarik ekartzen”, dio Sustrai Erakuntzak, eta ministerioak igorritako dokumentazioan aipatzen ez den alternatiba kontuan hartzeko eskatzen du: ezer eraiki ez eta oraingo trenbidea hobetzeko erabiltzea sosak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!