Abuztuaren 27an Yolanda Barcinak dimisioa eman zuen UPNko lehendakaritzatik eta alderdiaren etorkizuna airean utzi zuen berriz ere.
Sei urtez alderdia gidatu ondoren, bere azken erabakiek ezustean harrapatu dute alderdi osoa. Ekainean iragarri zuen alderdiko lehendakaritza utziko zuela, baina joan aurretik ezohiko kongresua deituko zuela jakinarazi zuen. Ez du agindutakoa bete, kongresua deitu behar duenak UPNri egun osoko lanaldia eskaini behar diola zehaztu zuen eta berak ezin duela halakorik egin, orain NUPen lanean hasi delako.
Gai hori jorratzeko bildu behar zen UPNren Kontseilu Politikoa datorren irailaren 4an eta urak ez zetozen bare alderdian. Hiru erabaki garrantzitsu zituen hartzeko UPNk: bat, Barcinaren ordezkaria hautatzea; bi, ezohiko kongresua deitzea; eta hiru, ea Espainiako hauteskunde orokorretara PPrekin batera joango den ala ez.
Hiru erabakiei egin beharko die aurre asteazken arratsaldean bilduko den UPNren zuzendaritzak, baina egoera konplexuagoan, alderdia lidergorik gabe gelditu delako. UPNko lehendakaria militanteen batzarrak hautatu behar du eta estatutuen arabera, alderdia lehendakaririk gabe geratzen denetik bi hilabete ditu horretarako.
Funtsean, une honetan UPNren baitan bi uste dira nagusi: batzuen ustez, lehentasuna ezohiko kongresua egitea da, UPNren ideien sakoneko berritzea ekarri beharko lukeena. Horren gainean eraikiko litzateke ondoren zuzendaritza. Beste batzuen aburuz, hori lasai egin behar da eta une honetan garrantzitsuena zuzendaritza hautatzea da, honek hauteskundeetara PPrekin joango diren argitu dezan eta ondoren kongresua antolatu.
Bada pentsatzen duenik, Barcinaren erabaki honekin bigarren aukera indartzen dela, orain UPNren zuzendaritzaren lehenbiziko lana lehendakaria hautatzeko batzarra deitzea izango baita. Bitartean edo ondoren hauteskundeetara nola joan erabaki beharko da eta, beraz, kongresua hauteskundeen ondorengorako geldituko litzateke.
Miguel Sanzen sostengua duen Amelia Salanueva senadorea eta Javier Esparza dira oraingoz lehendakaritzarako aurkeztuko direnak.