Bost aukera Nafarroako gobernu berrirako

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko mai. 29a, 10:09

Uxue Barkos hasi da jada taldeekin bildu eta gobernu aukerak aztertzen. (Arg: Argazki Press)

Aldaketaren gobernua osatzeko formulak aztertu ditu Xabier Letonak.

[Analisia Argia-n]

Aldaketaren indarrek hauteskundeak irabazi ondoren, Gobernu aukerak ari dira aztertzen egun hauetan. Ikusi beharko da ekainaren 17an Nafarroako Legebiltzarra eratzen denerako Uxue Barkosek formularekin asmatu duen.

Oraingoz argi dagoen gauza bakarra hori baita, bera izango dela Nafarroako Gobernuko hurrengo lehendakaria.

Udalak ekainaren 13an eratuko dira eta beste horrenbeste egin beharko du Joseba Asiron EH Bilduko alkategaiak Iruñeko Udalean, baina hemen dagoeneko badirudi argiago daudela gauzak eta seguruenik aldaketaren indarrek gobernua partekatuko dutela.

Nafarroako Gobernuan, aldiz, aukerak hainbat dira, adibidez hauek:

PSN barne duen gobernu zabala. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta PSN lirateke zutabe nagusiak. Ezkerra laguntzaile litzateke, onena barrutik baina bestela kanpotik. Oso aukera gaitza da, batez ere PSNk adierazi duelako ez dela Bildu dagoen gobernu batean egongo. EH Bilduk ere adierazi izan du ez duela PSN gobernu barruan ikusten eta, oro har, Podemosek ere Nafarroako kastarekin lotu du. Atzo Geroa Baik eta Ezkerrak egindako bileran, aldaketan egotea edo ez PSNren esku utzi zuten, hori bai, marra gorririk jarri gabe.

Berez gobernu aukera onena litzateke, zeharkakoena eta legealdi batean edo bitan Nafarroako gizartea beste estadio batera eraman lezakeena. Nafarroako gizartea ondoen islatuko lukeena litzateke –34 eserleku– eta ETAren ondorengo garaian bake prozesuan urrats erabakigarriak bultzatu ahal izango lituzke, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan eta, udazkenean, Podemos eta PSOEk gehiengoa lortuz gero, Espainiako Gobernuarekin ere bai.

Utopikoa? Seguruenik bai, oztopo asko lituzke, hasteko aldaketaren alde egin duten herritarren gehiengoarena, PSNrekiko dagoen mesfidantza itzela da eta "lehortean" nahi dute oraingoz; baina aldi berean, herritar horiek argi bereizten dute PSNko zuzendaritza eta PSNko boto-emailea.

Gaitza da halako aukera bat, baina salbuespen garaietarako salbuespen neurriak ere aurreikusi litezke. Irlandako iparraldera sarri begiratzen da hango bake prozesua goraipatzeko eta, han dena adostua egin dela aitortu behar bada ere, gobernagarritasunaren oinarria da Sinn Fein errepublikarrak eta DUP unionistak elkarrekin gobernatzen dutela azken ia 10 urteetan.

Geroa Bai, PSN, Ezkerra eta Podemos. Gobernu honek 25 eserleku lituzke, baina programen adostean EH Bildu oso kontuan hartuko ez balitz, orain arte hainbeste salatu den bazterketan oinarrituko litzateke. Seguruenik Podemosek lituzke arazorik handienak halako gobernu batean eroso egoteko, baina programak ondo adostuz gero, ez litzateke baztertzekoa. PSNrentzat borobila litzateke, erregimenetik aldaratu orduko, aldaketarako pausua emango lukeelako, EH Bildurekin nahasteko arriskurik gabe. Aukera honek berriz giltza emango lieke sozialistei, eta Barkosen gobernua dantzan jar lezake Ferrazi komeni zaion neurrian. Gobernagarritasunaren aldetik ez luke gehiengo osorik baina arrisku gehiegirik ere ez, UPN eta EH Bildu nekez jar litezkeelako ados Gobernuaren aurka batera egiteko. Formula honek kale egingo luke EH Bilduren bazterketan oinarrituko balitz, eta oraingoz hori da PSNren jarrera.

Geroa Bai, PSN, Ezkerra. Gobernu ahulena litzateke, 16 legebiltzarkideren sostengua luke, baina akaso UPNren gogokoena ere bai, batez ere EH Bildu eta Podemos kanpoan geratuko liratekeelako. Aldaketaren ikuspegitik, alabaina, aukerarik ahulena litzateke. PSNren indarra aurrekoan baino handiagoa litzateke oraindik.

"Teknikarien" gobernua. Uxue Barkosek batutapean eta aldaketaren aldeko alderdiek programak ondo hitzartuta, hainbat sentsibilitate politikoko pertsonek gidatutako sailetan oinarrituko litzateke gobernua. Abantailak: ondo eginez gero, pluraltasun eta gizarte ordezkaritza handia izan dezake, beraz onarpen handia gizartearen aldetik. Desabantailak: alderdiei protagonismoa kentzen die eta hori ez da haien oso gustuko; baina ez denei, Geroa Baik eraman ditzake onura asko eta hori eragozpen izan daiteke beste alderdiek halako formula bat onartzeko. Gakoa litzateke alderdien artean programa eta pertsonak ondo adostea.

Aldaketaren Gobernua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra. Egiazki, hau litzateke hauteskunde hauetan herritarrek gobernurako hautatu duten formula. Laukoteko hiru indarrek oposizioa koherentziaz eta nahiko era bateratutan eraman dute legealdian zehar, baina jakina, ez da gauza bera oposizioan edo gobernuan biltzea. Baina gainera, hauteskunde kanpaina luzean elkarrekin saldu dute aldaketa, eta hori –eskuinaren banaketarekin batera– giltzarri izan da bloke hau garaile ateratzeko.

Kanpainan zehar Uxue Barkosek ez du definitu nahi izan galdetu izan zaionean ea zer egingo lukeen bloke hau garaile eta EH Bildu blokeko lehena balitz. Galdera horri herritarrek hauteskundeetan erabaki ondoren erantzun behar zitzaiola aipatu izan du. Bada, herritarren aldetik nekez egongo da oraingoa baino erantzun argiagorik: aldaketa nahi dute eta, Uxue Barkosek gidatuta, berau lau alderdi horien artean egitea nahi dute.

Nola egiten den hori? Izan liteke ohiko koalizio gobernu baten bidez, lau alderdiak barruan izanda; edo izan liteke indar batzuk barruan eta besteak gobernua legebiltzarretik sostengatuta. Batean edo bestean hainbat aldagai izan daitezke. Hori da Barkosen lan gaitza eta, aurrekariak ezagututa, adibidez NaBai-rena, kalean badira zalantza ugari. Kalean, hala ere, batez ere esperantza, ilusioa eta poza dira nagusi gizarte sektore berritzaile eta dinamikoenetan, eta hori zapuzten duenak politikoki larrutik ordainduko du.

Erregimenaren Brunete mediatikoari muzin egin behar zaio Gobernu honek Nafarroa ez duela ordezkatzen esaten duenean. Berdin UPNri hain gaizki atera zaion beldurraren estrategia ere. Halako gobernu batek legealdi honetako UPNrenak baino gizarte esparru zabalagoa ordezkatzen du Legebiltzarrean, eta gainera, bere eduki, jardun eta moldeek askoz gehiago eta hobeto ordezkatuko lukete Nafarroaren pluraltasuna. Gaitza izango dela? Bai, baina gaitzagoa da hamarkadetan oposizioan izatea. Eta seguruenik, orain porrot eginez gero gaitzagoa litzateke epe laburrean halako beste aukera bat izatea.

Xabier Letona

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!