Uxue Barkos presidenta, EH Bildu edo PSNrekin?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko mai. 25a, 16:38

Geroa Baiko Uxue Barkos izango da Nafarroako Gobernuko lehen lehendakari abertzale eta euskalduna. Iritsi da aldaketa azkenean, baina ez dago garbi nola jantziko den.

[Analisia Argia-n]

Hainbeste desiatutako aldaketa iritsi da Nafarroara, orain ikusteko dago berau nola gidatuko den eta zer aldatuko den egunerokoan. Teorikoki gauza txikiak izango dira lehen urratsean, sinbolikoak, baina Nafarroako herritarren pluraltasuna islatzeko garrantzi handikoak. Egiazko Nafarroaren argazki zuzenagoa eskainiko du egoera berriak.

UPNk zartako itzela hartu du, baina lurzoru oso fidela du oraindik. Zartakoa, funtsean, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala galdu dituelako. Baina gainera, Nafarroako udal garrantzitsuenetan ere aldaketa emango da eta horietako batzuk galdu egingo ditu UPNk. Tutera, Tafalla, Lizarra, Barañain, Burlata, Antsoain eta Zizur Nagusia izango dira aldaketa ezagutuko duten horietako batzuk.

Irabazlerik izatekotan Nafarroan aldaketa bera da, PSNk ezin sostengatu izatea UPNren beste gobernu bat. Irabazleen blokean Geroa Bai eta EH Bilduren lehiak Uxue Barkosen koalizioaren alde egin du, 9 vs 8 parlamentario eta 5.000 boto gehiagorekin. Podemos indar handiz sartu da Legebiltzarrean, ez akaso beraiek espero bezain indartsu, baina edozein kasutan arrakasta itzelarekin. Lehen kolpean halakorik lortzeak ez du aurrekaririk azken 30 urteetan Nafarroako politikan. Gehiago kostako zaie barne kohesioari eustea. Ezkerra da blokeko txikiena eta, Podemos eszenatokian izanda, jaitsi arren duintasunez eutsi dio egoerari bi parlamentariorekin.

Galtzaileen blokean inork ez dio ondo eutsi, denek galdu dute asko, bai boterean eta baita bototan ere. UPNk hartu du zartako handiena, PSNk bi eserleku eta giltza galdu ditu, eta foru hauteskundeetan inoizko emaitza txarrenak atera ditu; eta hala ere, Maria Chivitek emaitza duinak atera dituztela adierazi du. UPNren makulu lanetan ibili izanak, gutxiagorako aukera ematen zion. Beheranzko joerak hor ote du muga? Orain arte bezala jarraituz gero bai, baina hurrengo legealdiko jardunak esango du. PPk egundoko zartakoa hartu du, Legebiltzarrean erdira jaitsiz eta Iruñeko Udaletik desagertuz. Eta Ciudadanos, Legebiltzarrean sartzetik gertu ibili bada ere, aurreikuspenetatik oso urruti ibili da.

Kudeaketa gaitzeko gobernuak

Hori da aldaketari buruz ezagutzen den gauza bakarra, Uxue Barkos izango dela Nafarroako Gobernuko hurrengo lehendakaria, lehen lehendakari abertzale eta euskalduna. Horrek berak bakarrik ematen du aldaketaren neurria. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerraren artean 26 eserleku biltzen dituzte, gehiengo osoa, eta badirudi bloke horren inguruan eratuko dela gobernua, nahiz eta ez dagoen argi nola.

Baina bada beste aukera bat ere, Geroa Bai, Podemos, PSN eta Ezkerran oinarritutako gobernua. Ez luke gehiengo osorik –25 eserleku–  baina gobernu egonkorrerako aukera bai, hortik kanpo geratzen direnak UPN eta EH Bildu nekez jar daitezkeelako ados gauza askotan. Geroa Baik izan dezake halako tentaldirik, horrek oraindik zentralitate handiagoa emango liokeelako eta Nafarroa hobeto ordezka dezakeelako. Askoren beldurra uxatzea lortu du Barkosek kanpainan eta hori bera izan daiteke gobernu eraketarako beste gakoetako bat. Baina hori guztia gobernu programen gainean hitz egin beharko da eta alde horretatik Podemosek antzekotasun handiagoak izan ditzake EH Bildurekin PSN eta Geroa Bairekin baino.

Gobernua edozelakoa izanda ere, kudeaketa gaitzekoa izango da eta ez bakarrik bere pluraltasunagatik, baita ere aurrekontu aldetik gaur egun edozein gobernu dabilelako estu. Horrez gain, orain artekoaren kontrara, Madrilek ez dio batere langunduko eta bai, aldiz, zangotrabatu. Besterik gabe, hor daude   oraindik dantzanVolkswageneko BEZaren  1.500 milioi euroak.

Baina horiek bihar-etzikoak dira, orain urteetan baztertua izan den Nafarroa aldaketa ospatzen ari da oraindik.

Xabier Letona

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!