“Futbolaren guda politikoa ezin dugu eskuin zaharkitu baten esku utzi. Bere irizpideak inposatu, eta klub profesional guztiak eta zaletu-talde ugari kontrolatzen ditu. Kapitalismoa eta eskuina dira futbolean nagusi. Osasuna dugu horren adibide. Desagertzeko arriskuan dago (bazkide eta zaletuek berreskuratzen ez badute), taldearen zorrak handitu dituzten politiken eta kirol kudeaketa txarraren ondorioz. Ezinbestekoa da jokoaren esentzia berreskuratu eta futbola beste modu batean pentsatzea; garbitu, desdramatizatu eta ilusioa berriz piztea. Helburu horrekin antolatu ditugu jardunaldi hauek. Baloiak biraka jarraitzea nahi dugu; futbola iraultza ere badelako”.
Futbola ere lapurtu ziguten jardunaldien aurkezpen hitzak dira. Iruñeko Katakrak guneak hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta proiekzio jasoko du hilaren 25etik 29ra bitartean, helburuetako bat izanik ezkerreko mugimenduek futbola haien helburuetarako balia dezaketela erakustea.
Itxura ederra du egitarauak (gauzatxo batzuk zehazteke daude oraindik).
Maiatzak 25: Gu, futbola. Jone Goirizelaia, Eva Blanco eta Maider España.
Maiatzak 26: Posible al da konpromiso sozial eta politikoa futbol profesionalean? Angel Cappa, Bittor Alkiza eta Endika Guarrotxena.
Maiatzak 27: Dokumentalak. The last proletarians of football, Democracia Em Preto Branco eta L’Equip petit.
Maiatzak 28: Beste futbol eredu baten alde: komunitatea, pasioa eta herri kultura. Iñigo Arza, Panenka aldizkariko kide bat eta Alemaniako Sant Pauli klubeko ordezkari bat.
Maiatzak 29: Osasuna, aberats berriaren akatsak. Oier Sanjurjo, Javier Bikuña, Joan Bosch eta Rafa Aguilera.