Nafarroako Legebiltzarrak gaur egin du legealdi honetako azken osoko bilkura. Martxoaren 31n desegingo da Legebiltzarra eta Gobernua funtziotan arituko da lanean. Legealdiko bost auzi eta bost gako azpimarratu dira ondorengo lerroetan:
Bost auzi:
Zentsura mozioak. Bi saio egin dira, bat 2013ko udaberrian aurkeztu zen, Legebiltzarreko ikerketa batzorde batek Lourdes Goicoechea sailburua ikertu ondoren. Bildu eta Aralar-NaBaik aurkeztu zuten eta ez zen atera PSN abstenitu egin zelako. Bigarren saioa 2014ko martxoan eman zen, Roberto Jimenez orduan PSNko idazkari nagusia izan zen protagonista: 15 eguneko epea eman zion UPNri hauteskundeak deitzeko, bestela zentsura mozioa jarriko zuela prentsaurrean iragarriz. PSOEk debakatu egin zuen zentsura mozioa eta Jimenezek dimititu behar izan zuen, PSN egoera estuan utziz.
Nafarroako Kutxaren desagerpena. Kontuz elkartearen lana giltzarri izan da CAN afera kalera eta Legebiltzarrera indar handiz ateratzeko. 2010ean integratu zen CAN Banca Cívican eta 2012an Caixabankek Banca Cívica erosi zuen. CAN Caixabanken %1 besterik ez zen jada. Legealdiko une goriena CANeko dieten afera izan zen eta UPNko agintari ugarik, tartean Miguel Sanz eta Yolanda Barcina, pasatu behar izan zuen epaitegietatik.
UPNren barne egoera. Miguel Sanzek Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaritzara eraman ondoren, bien arteko harremanak gaiztotu egin ziren eta lehia UPNren barruan ere ireki zen 2013ko kongresuan. Alberto Catalán eta Barcinaren arteko lehia ozta-ozta irabazi zuen Barcinak, alderdiaren baitan zauri sakonak utziz.
Volkswageneko BEZa. 2014ko irailean lehertu zen auzia, Espainiako Ogasun Ministerioarekin 1.531 milioi euroko zorra zuela jakinarazi zion Cristobal Montoro ministroak Yolanda Barcinari. Montorok gogora ekarri zion 2007-2012ko urteetan Nafarroak ez ziola ordaindu Espainiako Gobernuari Volkswageneko BEZetik zegokiona. Zalaparta askoren ondoren, azkenean 2015eko urtarrilean akordioa izan zen PPren eta UPNren artean, eta Madrilgo Gobernuak erreklamazioa erretiratu zuen. UPNk gobernua galtzen badu eta PPk agintean jarraitzen badu, seguruenik erreklamazioa agertu egingo da berriz, eta berau Nafarroako Gobernuaren azken urteetako aurrekontuaren %40 da.
Osasuna. 2014an Osasuna Espainiako Ligako Bigarren Mailara jaitsi zen eta horrekin batera bere egoera ekonomiko larria azaleratu zen. Besteak beste, 53 milioi euroko zorra zuen Nafarroako Ogasunarekin. Honekk urteetan zorra pilatzen utzi zion, naiz eta Osasunak dirutzak xahutzen zituen fitxaje berrietan. Egoerari aurre egiteko Osasunaren Legea egin zen 2014ko maiatzean, UPNren, PSNren eta PPNren botoekin onartua. Funtsean, Osasunaren ondasunak (43 milioi euro) zorraren truke kitatzea adostu zen. 2015eko martxoan lehertu zen pilota eta Osasunako zuzendaritzako bi kidek espetxean amaitu zuten. Auziak justiziaren ikerketapean jarraitzen du.
Bost gako:
Krisia. 44.000 langabeturekin hasi zen legealdia Nafarroan 2011n eta 45.000 langabeturekin dago egun. Agintariek krisia amaitutzat jotzen duten unean 50.000 pertsona menpekotasun egoeran dira eta horietatik 8.000 bat dira diru-laguntzaren bat jasotzen dutenak. Murrizketa politika batez ere gastu sozialean egin du Nafarroako Gobernuak eta, besteak beste, horrek krisia eta apurketa ekarri zuen UPNren eta PSNren artean. Erregimenaren baitan arazoak asko ugaritu dira UPNk bere gizarte makineria diruz ondo koipeztatzeko arazoak izan dituenean. UPNren gobernuak hiru urtez jarraian luzatu behar izan ditu legealdiko lehen urteko aurrekontuak.
UPN/PSN. Koalizio gobernuan ekin zioten legealdiari, baina 2012an, hasi eta urtebetera, Barcina lehendakariak Gobernutik bota zuen Roberto Jimenez Gobernuko lehendakariordea. Honek koalizio haustura ekarri zuen, eta horrekin batera arazo handiak UPNren eta PSNren baitan.
Yolanda Barcina. Bera eta bere nortasuna legealdiko puntu giltzarritzat har daitezke, Barcina Barcina baita. Botere osoa nahi zuen eta Nafarroako Gobernuko lehendakaritzaren ondoren UPNko lehendakaritza eskuratu zuen. Era guztietako arazo larriak izan eta gero –murrizketak, dietak, Volkswageneko BEZa, Madril autogobernuaren aurka, ikerketa batzordeak Legebiltzarrean–… hurrengo legealdirako UPNren hautagai gisa aurkeztea erabaki zuen 2014ko abuztuan. Bi hilabete geroago ez zela zerrendaburu izango iragarri zuen. Sikiera parlamentario gisa errepikatzeko asmoa agertu zuen, baina Javier Esparza UPNko lehendakarigaiak bera orduan ez zela aurkeztuko adierazi zuen duela bi aste eta Barcinak atzera egin zuen. Madrileko lurreratzea prestatzen ari omen da.
Podemos. Espainia osoan bezala, Nafarroan ere indar handiz agertu zen Podemos 2014an, Europako hauteskundeetan 20.000 boto lortuz. Navarrometroak hurrengo hauteskundeetan alderdi bozkatuena izango zela iragarri zuen iragan azaroan. Gerora egin diren hainbat inkestetan bigarren indar gisa agertzen da. Edozein kasutan, giltzarri izango da edozein gobernu osatzeko.
Oposizioa eta aldaketa. Nafarroako Legebiltzarrean sendo jardun du oposizioak, hiru arrazoi behinik-behin lagun izan ditu: UPN gutxiengoan eta oso ahul egon da; PSNk batzuetan gainerako oposizioarekin bat egin du; eta egiazko oposizioaren alderdiek, Aralar-NaBai, Bildu, Ezkerra eta Geroa Baik elkarrekin jardun dute gai eta ekimen askotan. Horrez gain, kaleko oposizio gero eta sendoagoak eta Legebiltzarreko oposizioak bat egin dute eremu ugaritan.
Azken 30 urteetan lehen aldiz, inkestek diote aritmetikoki posible litzatekeela UPNren, PSNren eta PPNren gehiengorik gabeko Legebiltzarra osatzea, eta beraz, bestelako gobernu bat osatzea. Emaitzek esango dute. UPNk gobernua mantenduta ere, oso gaitza izango da Iruñeko alkatetza berriz eskuratzea, eta hori galtzea asko da Nafarroan.