Samina senda dezake euskarak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko mar. 20a, 06:48

Legez ezarritako hizkuntza eskakizunen arabera, Baztani sei mediku dagozkio -15 herrik administrazio eremu bakarra osatzen dute- eta hauetako biri bakarrik eskatzen zaie elebidunak izatea.

[Albistea Argian]

Baztango Udaleko eta UEMAko ordezkariek iaz “Mediku euskalduna nahi dut” kanpainaren harira egindako prentsaurrekoa.

Pupua dute umeek Baztanen, mina helduek eta gaixotasuna adindunek. Batzuk bederen, besteei pupadolor eta enfermedad izaten besterik ez diete-eta uzten Osasunbideak eta borondate gutxiko medikuren batek. Ondorioz, samina ere badute Elizondo eta Iruritako herritarrek, esaterako.

ELegez ezarritako hizkuntza eskakizunen arabera, Baztani sei mediku dagozkio -15 herrik administrazio eremu bakarra osatzen dute- eta hauetako biri bakarrik eskatzen zaie elebidunak izatea. Zortzi erizainetatik ere bik bakarrik izan behar dute elebidun eta bi administraritatik bakarrak. Pediatrak, berriz, ez du zertan euskara jakin, beraz, gurasoek umeen lasaigarri ez ezik, itzultzaile ere izan behar dute.

Udaleko Euskara Sailetik diotenez, “egunerokoan egoera makurragoa da aintzat harturik profesional elebidunen ordezkoei ez zaiela euskara jakitea eskatzen edo euskara jakin beharra duen lanpostu batean aritu arren, euskaraz egin nahi ez duen medikuren bat badagoela, Iruritakoa, erraterako”.

Mediku euskalduna nahi dut”

Egoera gaitza izan arren, herritarrak itxaropen iturri dira, argi baitute euren hizkuntzaren aldeko jarrera. Hala erakutsi zuten iaz gauzatutako “Mediku euskalduna nahi dut” kanpainan. Hainbat herritarren hitza jaso zuen Kontseiluak sentsibilizazio bideo batean eta garbi adierazten dute beraien ikuspuntua: “Gure pentsatzeko modua euskaraz da, zerbait erran behar dugularik beti euskaraz pentsatzen dut eta ez zait justua iruditzen erdaraz egin behar izatea”, “euskaraz nahi dut nik, erdara ez dut konprenitzen-eta” edo “emagina euskalduna nuen lehenbizikoan, gero erdalduna izan zen eta ez zen iguala izan”. Bestaldean daudenek, hau da, mediku euskalduna dutenek ere badute hitza bideoan eta euskaraz aritu ahal izateak harremana erraztu eta goxoagoa egiteaz edo hala aritzearen zorteaz mintzo dira.

Iure Eizagirre

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!