Aldaketarako, lanean

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko mar. 8a, 21:43

Argazkia: Pero Iparragirre

"Enpresa politiko" moduan definitzen dute haien egitasmoa Katakrak-eko kideek.

Kokapena: Iruñea, Kale Nagusia 54.

Jarduera: Liburu salmenta, ostalaritza, eta kultur eskaintza.

Kide kopurua: 11.

Sukaldaria da Xabier Maeztu, baina ez du sekula igande eta jaiegunetan lanik egin behar izaten. Ez berak, eta ezta bere lankideek ere. Informatikaria izateko ikasketak egin zituen arren, praktikaren bidez eta pixkanaka ikasi du ofizio berria. Dena dela, labana eta mantala albo batera utzi eta ordenagailu edo konexio arazoak konpontzea egokitzen zaio maiz; ez baita ohiko jatetxe bateko sukaldaria, kantinaz gain liburudenda eta erabilera anitzeko aretoa ere badituen Iruñeko Katakrak “enpresa politikoko” kide baizik.

Hamaika dira guztira kooperatiba osatzen dutenak, eta Katakraken bertan egiten dute lan denek: liburu saltzaile gisa batzuk, sukaldean edo zerbitzari jardunetan besteek. “Uste dugu interesgarria dela ekimen hau modu profesionalean eta lanpostuak sortuz aurrera eraman ahal izatea”, dio Maeztuk. Lan ordainduarekin, baina asanblada bidez eman diote forma Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusian gorpuztu duten proiektuari. Erabaki garrantzitsuenak astearteroko bileran hartzen dituzte, kide guztien iritzia aintzat hartuta.

Urtebete eskasean erreferentziazko bilgune bilakatu da Katakrak, eta “harrera bikaina” ari dira izaten. Hitzaldi, prentsaurreko eta abarretarako erabiltzen duten aretoa zein kantina jendez gainezka izaten da maiz. Zaila da ordea arrakasta hori ulertzea proiektuaren jatorria zein den jakin gabe. 2006an, Iruñeko herri mugimenduetan zebiltzan zenbait lagunek La Hormiga Atómica sortu zuten, liburuen bidez hiriko politikan eragiteko asmoz. Paperaren bueltan hasi zenak, kafetegi eta zentro sozial tankera hartu zuen laster, eta bost urteko ibilbide “emankorra” egin zuen, bidean kooperatiba bihurtuz.

Orduko balio eta egiteko modu bertsuetan oinarrituta sortu dute Katakrak ere, lan-talde, lokal eta erronka handiagoekin. Bidean ez dute herri mugimenduekin loturarik galdu, eta horrek berak ahalbidetu du hasierako asmoak gauzatu ahal izatea. Izan ere, proiektua martxan jarri ahal izateko gaur egungo lokala erosi behar izan zuten, inbertsio handia eginez. “Diruaren zati bat banku etiko bati eskatutako maileguarekin lortu genuen; beste zati bat ordea, lagun, senide eta abarren mailegu pertsonalek eta crowdfunding bidezko ekarpenek osatu dute”.

Finantzazioa bezain aipagarria da euren eguneroko dinamika. Lan-orduen banaketa asanbladan erabakitzeaz gain, errotazio sistema bat ere badute. “Lankideen beharra nolakoa den ezagutzea garrantzitsua da euren azalean jarri ahal izateko”. Horregatik erabaki dute asteburu eta jaiegunetan ez irekitzea. Maezturen arabera: “Liburudenda igandez irekitzea konpetentzia desleiala litzateke, eta hori itxita mantenduz gero, besteek ere jai izatea da bidezkoena. Halako egunak onak izaten dira taberna edo kantinarentzat, baina gure balioak diruaren gainetik daude”.

“Hau dena aldatu nahi genuke” dio Kale Nagusira begira dagoen erakusleihoko estalkiak. Bide horretan, lan egin, lan-harremanak izan eta ekimen bat aurrera eramateko bestelako moduak badaudela frogatu dute dagoeneko.

Lander Arretxea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!