Hauteskundeak 2015

Podemosen primarioak: Perez edo Bosch?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko ots. 9a, 21:52

Laura Perez, Joan Bosch eta Sandra Gonzalez (Argazkia: Diario de Noticias)

Interneten bidez bozkatzeko epea zabalik da, eta hilaren 14an argituko da nor izanen den Nafarroako dazkari nagusia.

Igandean amaitu zen Nafarroako Podemos-Ahal Dugu egiten ari den primarioen kanpaina eta, astelehenetik eta datorren igandera arte bozkatzeko aukera izango dute Nafarroako alderdiko kideek.

Eta hemen da lehenbiziko koska, bozketa telematikoa dela, internetez egingo dela nagusiki eta horretarako nahikoa dela Podemosen sartzea, hau da, internetez norbere datuak ematea –izen abizenak, lurraldea, NAN zenbakia edo pasaportea eta telefonoa– eta listo. 3.000 bat pertsona edo gehiago izan daitezke izena emandakoen artean, oraindik otsailaren 13ra arte irekita baitago izen emateko epea. 14an emaitzak ezagutuko dira.

Nafarroako Idazkaritza Nagusia, Nafarroako Herritarren Kontseilua eta Bermeen Batzordea hautatuko dira, eta hiru hautagaitza nagusi daude: Nafarroak ahal du (idazkari nagusi gai Joan Josep Bosch ); Nafarroa Aldatu Ahal Dugu (Laura Lucia Perez); eta % 100 ADN Podemos (Sandra González).

Ez da samurra iragartzea nork izan dezakeen aukera gehiago, baina kanpaina entzutetsuena behintzat Laura Perez eta Joan Josep Boschenak izaten ari dira. Iruñerrian bederen bi hauek bide dute indarrik handiena, eta badirudi Sandra Gonzalez Tutera aldean nabarmenduko dela, besterik ez bada, hautagaitza handik bultzatu delako.

Hilabeteak dira jada Nafarroa hauteskunde usainean sartua dagoela, eta joan den astean Podemoseko primarioen kanpainarekin bozka giroa azkartu da, bereziki sare sozialetan. Mezu bat behintzat nabarmen aritu da: Perezen Nafarroa Aldatu hautagaitzak irabazten badu, maiatzean aldaketa errazagoa izango da Podemos erabakigarria bada, eta denak adierazten du hala izango dela.

Hautagaitzen proposamenak argi mintzo dira alde horretatik. Perezenak argi eta garbi adierazten du legebiltzarreko hauteskundeetara Podemos izenarekin aurkeztearen aldekoa dela eta itun kontuetan argi dutela: helburua UPN, PSN eta PPN gabeko gobernua osatzea dela eta horretarako, beti ere programetan oinarrituta, itunetarako ate guztiak zabalik dituztela. Estatuan EH Bildu da mamua eta hauek argi adierazten dute ez dutela EH Bildurekin ituna egiteko arazorik hala beharko balitz. Funtsean, aldaketaren amua orain agertzea da haien kanpainaren zutabe sendoenetakoa.

Joan Josep Boschen proposamena askoz lausoagoa da itun kontuetan. Itunak primarioen ondorengo kontua direla azpimarratzen dute, eta hori kritika zorrotza egiteko erabiltzen dute Nafarroa Aldatukoek.

Boschen programak, gainera, legebiltzarreko hauteskundeetara beste izen batekin aurkeztea proposatzen du, beti ere Podemosen sostenguarekin. Haien ustez, horrela erabakietarako guztiz libre legoke Estatuko Podemosetik. Eta, pentsa liteke, Podemos ustez gutxiago kaltetzeko alderdiko zuzendaritzarekin adostutako formula ere badela. Perezen ustez, aldiz, bada ordua Estatuan ere argi hitz egiteko eta hemengo errealitatea den bezalakoa agertzeko.

Bi hautagaitzak dira gizartearen arazo sozial eta ekonomikoak lehenestearen aldekoak, baina oro har, bien eskaintza politikoak irakurrita berehala antzematen da Perezena Boschena baino askoz zehatzagoa dela. Hauen ustez, bada ordua alderdi barruko antolaketatik harago joan eta Podemosen bestelako politika zehatzez ere jarduteko: itunak, bake prozesua bultzatu, Foru Hobekuntza bozkatu, euskararen eskubideak Nafarroa osora zabaldu, harremanak zabaldu EAE eta Pirinio Atlantikoarekin… Boschenean modu oso orokor batez hitz egiten da kontu horiez.

Teorian bada Boschen hautagaitzaren alde egiten duen faktore garrantzitsu bat, gainerako alderdietan esanguratsua izaten dena: Espainiako Podemosen sostengua du, eta horren erakusle izan zen joan den larunbateko kanpaina itxiera ekitaldian izan zela Iñigo Errejón Espainiako Podemoseko zuzendaritzako kide ezaguna.

Sandra Gonzalezen hautagaitzaren eskaintza batez ere barne antolaketan oinarritzen da eta arazo sozial eta ekonomikoak lehenesten ditu nabarmen. Itunetako gaia ere argi du, Podemosek bakarrik goberna dezala, eta bestelako zerbait erabaki behar bada, erabakia egon dadila Nafarroan.

Emaitzak otsailaren 14an ezagutuko dira eta denak adierazten du datorren aste hau beroa izango dela Nafarroan, besteak beste, Podemoseko primarioak alderdi horretatik harago ere interes handiarekin jarraitzen ari direlako lurralde osoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!