Maiz, administrazioan, edozein ekimen pribatutan bezala, ardura handiko kargu zehatzetan pertsona desegokia izatea arazo handia bilaka daiteke.
Askotan zaila da inori konfiantza eman ondoren kentzea, azken finean, konfiantza eman duenak ere huts egin duela aitortzea delako. Horregatik errazagoa da izendatutakoak utz dezala kargua, kargugabetzea baino. Bide horretan, noiz egin eta nola egin aintzat hartzeko aferak dira ere bai.
Ardura kargu batean egin daitekeen gauzarik txarrena, ordea, ez erabakitzea da. Erabakiak hartzea da zeregin ezinbertzeko bakarra. Bertzenaz, dena blokatzen da. Erabakiak onak, txarrak ala erdipurdikoak izan daitezke eta horren arabera helburuaren bila joatea nekezagoa, errazagoa, luzeagoa ala laburragoa izan daiteke.
Erabakiak hartzea eta, ahal den neurrian garaiz hartzea, ustel usaina kirats bihur ez dadin.
Maria Solana, Nafarroa Garaiko hezkuntza kontseilari berriak erronka polita du. Polita bezain handia. Laguntza guztia merezi du erabakiak hartzeko zeregin horretan.