Bortizkeria politiko guztien biktimak berdinak direla diote, diogu. Norbere ingurumari ideologikoko biktimekiko sentiberatasuna askoz handiagoa izatea naturala da. Nekez uka daiteke hori, baina, halere, bizikidetzaren mesedetan, biktima guztiak maila berdinean jartzea onuragarria dela ondorioztatu dugu gehienok.
Badira batzuk, ordea, bi maila mantendu nahi dituztenak. Estatuaren, instituzioen bortizkeriaren biktimak hain biktimak ez direla uste dute horiek. Azken finean, irabazle gisa agertu nahi duenak bere bortizkeriaren zilegitasuna bermatu nahi du kosta ala kosta.
Guzti honetan itsusiena, ulergaitzena, mezularien diskurtso fosilizatua da. Kazetari batek idaztea gaur eta hemen batetik terrorismoaren biktimak daudela eta bertzetik Estatuarenak. Batetik Iñaki García Arrizabalaga, terrorismoaren biktima, eta bertzetik Idoia Zabalza, Mikel Zabalzaren arreba. Hor zerbaitek huts egiten du.