Iruñeko Bigarren zabalguneko seme-alabak izan garen gehienok harremana izan genuen haurtzaroan "Los Caidosekin". Los Caídos diot, ezinezkoa zaidalako euskaraz "Eroritakoak" ahoskatu eta gauza bera erraten dudala sinestea.
Harira. Los Caídosen ematen genituen ikastolako autobusetik jaitsi eta arratsalde gehienetako askariaren denbora. Orduan ez zegoen kolunpiorik. Futbolean aritu nahi bazenuen, ongi, bertzenaz estankeari harriak bota edo polizia eta lapurren arteko lehiari ekiten zenion.
Los caidosen ikusi genituen lehen manifak. Kristo-Erregeren Gerrilarien manifak ziren. Reta taberna parean bukatzen ziren.
Los caidosen ospatzen genituen urtebetetzeak eta hantxe ernaldu zitzaigun batzuoi behintzat, DOLCA txokolate beltzarekiko lotura sendoa.
Eraikinak ez du gauza handirik balio, frankismoaren arkitekturaren adibide gisa ez bada; gainera, erabilgarritasun eskaseko barne egitura daukala ematen du. Orube zoragarria da, ordea. Orubea bere osotasunean berreskuratzeko, ezinbertzean, eraitsi beharko litzateke eraikina.
Botako balute, gusto handiz joanen nintzateke, berriro ere, arratsalde pasa, nire Dolca txokolate bokatarekin, Los Caídosera.