Joan den egunean, lehen aldiz, oinarrizko emozioekin edo hurbilekoekin izandako pasadizoren batekin zerikusirik ez duen zerbaitengatik negarrez aurkitu nuen semea.
12 urterekin, oraindik ere, ohikoa da hurbilekoekin izandako arazoren baten ondorioz negar egitea.
Horren normala ez dena da, jendartean sozializatzeko ematen den prozesuaren harira, 12 urteko mutil bat malkotan ikustea bere iruditeria identitarioaren adierazpenik gorenagatik. Bere baitan, bere GUaren adierazpenik benetakoena delako Osasuna futbol taldea.
Semea etxean gelditu zen igande arratsaldean ordenagailuan Osasunaren hil ala biziko partidua ikusten. Bertzeak piszinara joan ginen. Club Natacionetik bueltan, etxeko eskailerak igotzen, Osasunak berdinketaren gola sartu zuen. Bi segundu geroago etxeko atea ireki eta gure semeak negar batean besarkatu ninduen… “Salbatu gara, aita, salbatu gara. Partidu osoa negar batean ikusi dut, baina azkenean salbatu gara”.
Salbatu gara.
Nor gara gu? Osasuna gara gu?