Joan den udaberria arte, lanegunetan, gure lankide baten telefonoak jo egiten zuen, goizeko hamaikak aldera. Lankidea, urduri, bere lekutik altxa, bulegoa utzi eta kalera ateratzen zen, solasaldi intimo baten bila. Bost minuturen buruan berriro bulegora itzultzen zen. Hurrengo egunera arte.
Joan den udaberrian, eguneroko dei horiek jasotzeari utzi zion. Zorionez. Alaiago zegoen eta deiak egiten zizkion pertsona ezagutzeko aukera izan genuen denok.
Negua iritsi da, ordea. Gure lankidearen irribarrea desagertu da. Deia jasotzen hasi da berriro. Goizeko hamaiketan bere telefonoak jotzen du. Jarlekutik altxa eta kalera irteten da. Bost minutuko solasaldiaren ondotik bulegora itzultzen da.
Horregatik, goizero, hamaikak aldera, gure bulegoan, lankide gehienok Soto del Realen daukagu burua, badakigulako hantxe daukatela bahituta gure lankidearen irribarrea