Beleak hazi eta… denok ezagutzen dugu gaztelaniazko esaldiaren bukaera. Eta bele faxistak aipatu nahi ditut nik gaurkoan. Vito Quilesen probokazioak hari luzea ekarri du gurean, denetatik ikusi eta entzun dugularik, faxismoa eta antifaxismoa berdintzetik, probokazioaren amuaren irenspenaren apologiara, bloke beltzaren mitifikaziotik faxismoari aurre egiteko estrategien emankortasunaren inguruko eztabaida zorrotzetara. Hori guzia aintzat hartu behar delakoan nago, bai, baina ezin ahaztu nafar eskuinaren miseriak, agerian gelditu direlako, oso agerian.
Quilesek OPUSen Unibertsitatea aukeratu zuen bere performantzerako, baina instalazioak ixtera iritsi ziren, esanguratsuki, instituzio horren buruek. Porrota ikusita, bere estiloko bideo ergel bat grabatzera joan zen nora eta Diario de Navarraren egoitzaren aurrekaldera. Eztabaida surrealista izan zuen hortxe Diarioko kazetari batekin, zeinean “lagun terroristak” aipatu baitzizkion.
Quiles ez zen etorri soilik abertzale eta ezkertiarrak probokatzera. Nafar eskuinaren barne zaurian behatza sartzeko asmoa ere bazuen, egoerak gaindituta daudela agerian uzteko, hots. Baina, hain zuzen horregatik, OPUSek eta Diario de Navarrak ezin dute orain bestaldera begiratu, Quiles eta Quiles bezalakoekin inolako harremanik ez dutelakoan, edo. Bele faxista horiek hazitzen eman dituzte urteak eta urteak eta orain, nork bere ardurari eutsi behar dio!