Irudi ikaragarriak iristen zaizkigu, berriro ere, Gazatik. Hildakoak milaka, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren hitzek asaldatu dute bonbardaketaren arduraduna den Israelgo gobernua. Baina zer esan du, ba, Gutierresek? Palestinarren azken ekintzak testuinguruan kokatu behar direla, hots, aspaldiko okupazioa eta erasoei erreparatu gabe nekez kokatuko dugula orain gertatutakoa. Gutierresek Hamasek lideratu dituen ekintzak salatu ditu ere bai, baina alperrik, nonbait, testuingurua aipatzea aski baita satanizazioaren makinaria pizteko, eta antisemitatzat jo dute.
Testuingurua hitz madarikatua bilakatu da, berriro ere. Azterketa politikoaren gakoa da gatazkak testuinguruan kokatzea. Epaitzeaz okertzen bada ere, diagnostikatzea erroetara joateko saioa izaten da, zorrozki egiten bada, bederen. Kate konplexuaren atal mugatu baten argazkia eskaintzea, alta, azterketa lainotzeko era zahar bat da, horrela, bilakaera aintzat hartu beharrean, distortsio interesatu bati so egin diezaiogun.
Hitz egin dezagun, beraz, testuinguruaz, bilakaera historikoaz, eta, batez ere, hau gainditzeko bideaz, aldarrikapen moralez ez baita Gazako sarraskia geldiaraziko.