Ekonomia, zapalkuntza, botereak, eskubideak, erabakiak… nortasun politikoek artikulatzen dituzte ezaugarri ezberdinak, taldeak osatu nahian, gu haiek ardatza eraikiz. Era guzietako lehiek hartzen dute, gauzak horrela, talka identitarioen forma. Horregatik Nafarroan, Osasuna-Real Madril partidaren inguruan lehertu den nortasun berpiztea ez da apolitikoa, neutrala edo postpolitikoa, guziz politikoa baizik. Baina politikoa den heinean, ez dago itxita, ezagutzen ez dugun norabideko ibilbidean kokatuta baizik. Ez dago aurreidatzita, lehian baizik, nork bere esanahia eman nahi diolako. Izan ere, gauza ezberdinak ditugu buruan batzuok eta besteok Osasuna esaten dugunean.
Horregatik, egungo politikaren galdera nagusia norabidearen ingurukoa da, hau da nortasunak eta zerumugen arteko uztarketarena. Erantzunak asko izan daitezke, baina, orohar, bi dira aukera nagusiak, 2015an instituzioetara jauzi eman zuen eraldaketa demokratizatzailearen bidea eta 78ko erregimenaren nafar aldaeraren errestaurazio desdemokratizatzailearena. Horiek izanen dira markoak hurrengo urteetan Nafarroan, ene ustetan. Eta ez dira proposamen identitario ez-materialak, gure jendartea antolatzeko proposamen estrategikoak baizik. Erabat materialak, beraz.