Ibaiak garbitu?

Erabiltzailearen aurpegia Floren Aoiz 2021ko abe. 16a, 13:10

Uholdeak berriro ere. Kalteak eta haserrea nonahi. Bizi garen amorruaren garaiotan, errudunak bilatzea izaten da lehen erreakzioa halakoak gertatzen direnean. Oraingoan, errepikatzen den pauta indartu da, zeinaren arabera ibaiak garbitu ez izanak ekartzen baititu uholdeak. Logika indartsua da: urak trabak aurkitzen ditu bere bidean ibaiak zikin daudelako, eta hortik uholdeak. Beraz, non dago konponbidea? garbiketan, kontxo! 

Aitortu behar dut nik ere hala uste nuela… beste ikuspegi baten berri izan arte. Garbitzean jartzen den azpimarrak baztertzen dituen sakoneko arazoei erreparatuz gero, panorama oso bestelakoa da, izan ere. Eraikitze ergeletik lurraren esplotazio eredu suntsitzaileetara, badaude aintzat hartzeko aferak, sistematikoki ahazten direnak uholde ziklikoen errealitatea ez onartzeko. Ez dira ibaiak beren lekutik ateratzen direnak, gu gara ibaien lekuan sartu garenak, baina mundua amildegira eramaten ari den logikan mugitzen garenaz, ez dugu gure ardura onartu nahi eta errudunak behar ditugu.

Ene elkartasun osoa kaltetuekiko, baina piztutako amorruaz zer egiten den oso garrantzitsua da, eta komeni da ongi bideratzea: ardura ez baita urarena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!