Supremazismoak maite du hizkuntzen hierarkizazioa ezkutatzea. Diskurtso ezberdinak baliatzen dituzte horretarako supremazistek; batzuetan, materiala versus identitarioa dikotomia erabiltzen dute: beraiek lehenesten dituzten aferak materialak dira, eta besteenak, identitarioak. Gauzak horrela, badaude nazionalistak eta ez nazionalistak, identitarioak eta ez identitarioak. Sakonean, zibilizatua versus basatia dikotomia da, supremazismoa kolonialismoa eta inperialismoaren jarraipena baita.
Kontakizun supremazista espainiarrak nahasketa bilatzen du, abantaila handiak eskaintzen baitizkio, esaterako, espainieraren nagusitasuna lainotu eta euskararen inposizioa salatzeko. Horrela, supremazistek besteak aurkezten dituzte supremazista gisa. Halako mozorratze operazioak hitz magikoen inguruan egituratzen dira, adibidez: aniztasuna. Espainiera derrigortzea zibilizatua eta modernoa da, eta beraz, ez du talkarik egiten aniztasunaz. Euskarari ofizialtasun mailak eman nahi izateak, alta, aniztasuna urratzen du. Halako moderno zibilizatu batek berriki berdindu ditu artikulu batean Abascal eta Otegi, biak supremazistak direlakoan. Baina, aizue, ez deitu supremazista, bera metarialista ez-identitarioa baita!