Itzuli dira, miloika itzuli ere!

Erabiltzailearen aurpegia Floren Aoiz 2020ko aza. 12a, 14:31

Tupac Katarik Andeeetako indigena eta beste menperatuen matxinada lideratu zuen XVIII. mendearen bukaeran, hainbat lurralde askatuz eta gaur egun Bolibiako hiriburua den La Paz hiria arriskuan jarriz. Altxamendua garaituta, gorputzaren zatiketaren bidez hiltzera kondenatu zuten espainiarrek, epaileak Katariren hazia bera deuseztatu beharra zegoela esan zuelarik. Nonbait, itzuliko naiz eta miloiak izanen gara esan zuen gizonak une latz hartan. Lelo hori ikur maitatua bilakatu da denboraz Andeetako indigena eta pobreen artean, baita mugimendu askatzaileetan ere, eta berriki Evo Moralesek baliatu du faxistek estatu kolpea eman zutenetik urtea betetzen den honetan, bere herrira itzultzean. 

Matalasen heriotzaren urteurrena bete da berriki ere, baina nago gurean jende askok ez duela horren ezagutzik. Herria, herria! oihukatzen omen zuten Xiberuko altxatuek. Haiek ere galdu zuten, eta lepoa moztu zioten Matalasi, eta gorputzetik indarrez bereizitako burua jende aurrean jarri zuten, norbaitek ezkutuan hartu eta nonbait lurperatu arte. Itzuliko da Matalas? Jeikiko gara euskaldunak tirano arrotzengandik askatzeko? Baten bati erretorika zaharkitua irudituko zaio hau guzia, beharbada, baina funtsezkoa izan da oso leku guttitan ikusitakoa lortzeko, hau da, estatu kolpe faxista bat urtebetean itzuliarazteko. Ikurraren botereak erabaki politiko zuzenekin lagundu dutelako izan du eragina, jakina, baina gero eta argiago dago pasiorik gabe ez dagoela politika eraldatzailerik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!