Txileko lehendakariak bihurgune diskurtsiboak maite omen ditu. 15 egunetan pasa da Txile oasi gisa definitzetik gerlan daudela esatera. Herritarren matxinada da Andeetako lurralde hartan piztu dena, eta gerla, honela deitu nahi bazaio, alde batek egiten du soilik. Zehazki, estatuak herriaren aurka.
Militarrak berriro Santiago edo Valparaisoko kaleetan ibiltzea larria da, ezaguna baita boterea izan zuten bitartean gertatutakoa. Teorian, halakoak ez dira oasietan gertatzen. Metaforari helduz, basamortuekin lotzen dira, oasiekin baino, errepresio bortitzaren irudiak. Oasiak ez dira egun batetik bestera lehertzen, ezta? Eta orain jada ez naiz Txileri buruz ari, gu ere oasian bizi omen baikara. Edo hori sinestarazi nahi gaituzte, bederen.