Duela egun batzuk Mario Zubiagak espainiar hauteskunde hitzorduen erritmoen inguruko aipamena egin zuen mahai inguru batean. Hitzordu bat bestearen atzean, horrela nekez egitasmorik gorpuztu, horrela oso zaila da sakoneko aldaketarik aurrera eramatea. Zerpentsa eman zidan gogoeta hark, baina errepikapen erritmoetatik jerarkizaziora pasa nintzen segituan. Izan ere, ia tarterik gabe batetik bestera pasatzeaz gain, batzuk besteen gainean jartzen dira, eta ez kasualitatez. Hau oso nabarmena da apirileko 28ko hauteskundeen kasuan. Nafarroatik begiratuta, espainiar estatu mailako erritmoa geure erritmoen gainetik jarri nahi izan dute. Baina erritmoak ez datoz bakarrik, eskala daramate loturik. Espainiar neurri espazio-tenporala da inposatzen digutena, finean, gurea beraienaren menpe dagoela oroitaraziz, botere harremanak nolakoak diren argi utziz, berriro ere.
Erronkari aurre egin behar, jakina, gurea bezalako lehiatan azterketa guziak gainditu behar baitira. Baina erronka nagusia menpekotasun hori gainditzea da, geure espazioan geure tenporalitatea geuk kudeatu ahal izateko, geure tenporalitatearen arabera geure espazioa kudeatzeko, azkenean.