Zaila da irudi hura ahaztea. Carmen Alba korrika, jauzi egin zuen zezenaren beldur, izua aurpegian. Cantinillok (hala zuen izena zezenak) ez zuen harrapatu, baina urte batzuk iraganik, oraingoan bai, ustekabeak bete betean jo eta Alba espainiar estatuaren ordezkaritzatik eraman du. Bizitzaren adarkadak halakoak dira, espero ez dituzunean datoz, baina gure emakumea harro joan da, Nafarroak Espainiaren parte izaten jarraitzen lagundu duelako. Espainiaren ikurrak aipatu ditu, halaber, agur esan aitzin. Izan ere, Espainiaren ikurrak inposatu izanak pozten du Alba andrea, demokraziazale sutsua delako, jakina!
Hau guzia oso argigarria delakoan nago. Ikurrak, polizia eta Espainia batera Albaren diskurtsoan, bestela esanda, politikaren ikuspegi identitario-poliziala agerian. Hau da Espainiako Erresuma Nafarroan, indarrari lotutako estatu identitarioa. Alba pozik joanen da, agian, baina espainiar erregeak Iruñera egindako bidaian piztutako herri poza ikusirik, ez dut uste ospatzeko motiborik duenik!