ETAren desagerpenaren aitzin, kontakizuna edo errelatoaren lehiaz hitz egiten da behin eta berriro. Esanguratsuki, batzuk, errelatoaz mintzatzen dira gatazka politiko dagoenik ukatzeko. Lehia hori irabazi nahi dute gatazka politikoa izkutatuz, baina lehia bera gatazkaren ezaugarritze politikoa adierazten eta areagotzen du. Konfrontazio politikoa dagoelako hitz egiten dugu errelatoen arteko talkaz, errelatoak, finean, egoera eta gatazka beraren irakurketak baitira.
Frankismoaren errelatoaren nostalgian oinarritzen da, ene ustetan, batzuen jarrera. Garai batean errelato bakarra zegoen, dakigunez. Oso sinplea zen, frankista zintzoak eta errepublikar gaiztoak. Jainkoa eta Espainiarengatik eroriak ziren biktimak, anfifaxistak borreroak. Carlos III.a Etorbidearen buruan eraikin nazkagarria egin zuten hau guzia oroitarazteko.
Edozein gatazkatan jarrera eta ikuspegi ezberdinak daude. Gurean ere hala gertatzen da, horregatik era ezberdinetara irakurtzen da iragana, molde ugariz pentsatzen da oraina eta hamaika ikuspegitatik irudikatzen da etorkizuna. ETA joan da, ea noiz kanporatzen dugun behin betirako gure bizitzetatik frankismoaren itzal erraldoia.