Jakina, hori Euskal Herrian beti jakin dugu, zer espero zenuten, ba?, inozoak... Erreza da halako jarreretan erortzea azken garaietako errepresioa sare sozialetan, komunikabideetan edo kalean salatzen delarik. Ulergarria da mina sentitzea batzuek errepresioa orain deskubritu dutela ikusirik. Neri gertatzen zait eta behin baino gehiagotan idatzi ditut ene gogoetak tono gordinean. Zertarako balio du honek, alta? Iruditzen zait bestela kudeatu beharko genukeela afera hau, aspaldi bildutako emozioei erantzuten badie ere. Komenigarriagoa litzateke gaur egungoa aspalditik datorrela argudiatzea, hau da, arrazoiak behar den moduan azaltzea, era mingarrian aurpegiratzea baino.
Azken garaietako salaketek erakusten dute errepresioa ez dela ETAren borroka armatuaren aurreko erantzuna, Espainiaren Erresumaren egiturazko oinarria baizik. Euskal Herrian entsaiatu ziren orain Katalunian eta beste hainbat leku edo esparrutan erabiltzen ari diren diskurtso eta kriminalizazio estrategiak. Ulertuezina da errepresioaren garapena hamarkadeetan terrorismoaren kontrako jardueraren aitzakiari esker lortutako zilegitasuna aintzat hartu gabe. Gaur egun politikari katalandar edo raperoen kartzelaratzea salatzen duten batzuk sartu ziren, haiek ere, errepresioaren justifikazioan, indarkeria gaitzesten zutela aipatuz. Hau guzia egia da, baina haratago joan beharko genuke.
Elkartasunaz gain elkarlan formula berriak garatzeko aukera ematen digu egoera honek, orainarena ez ezik iraganaren harreraren aldaketa ere gertatzen ari delako. Hobe aukera hauek baliatzea, ikuspegi mugatuen menpe gelditzea baino.