Nafarroan aspaldi gertatu den onena da aldaketa gogoa jendartetik instituzioetara iritsi izana. Orohar, herritarren agindua betetzen ari dira aldaketaren gobernuak, ene uste apalean, iraganarekiko ezberdintasunak nabariak direlarik. Duela urte batzuk pentsaezina zena gopuzten ari da, eta ez dugu inoiz ahantzi behar jende askok borroka egin duela hau noizbait gertatzea lortzeko.
Hau esanik, gehitu beharra dago aldaketak ere badituela bere miseriak, pertsonek eginak diren gauza guziek bezala. Eta miseria batzuk, egia esan, bereziki mingarriak izaten dira. Xabier Reyren heriotza dela eta aldaketaren esparruko lagun batzuen portaera oso mingarria izan da. Nor eta erregimenaren pertsonai eta eragile zitalekin ageri dira, heriotzaren mina bizi bizia zegoelarik.
Min horrek ez du aldaketaren elkartasuna hautsiko, borroka ibilbide luzeak ematen duen heldutasunari esker, baina apoak irenstea, beharrezkoa izanik ere, nazkagarria da, eta hala esan behar da. Nik, bederen, ez dut isiltasunean gorde nahi, bidaialagunei apo nazkagarriak janaraztea ez baita elkartasun solidorik eraikitzeko modurik onena.