Demokrazia liberalaren funtsa da batzuek ezin dutela gobernatu. Ez da horrela adierazten, jakina, baina hau da urrezko legea, kolokan jartzen den bakoitzean indar oroz agertzen dena. Anomalia gisa hartzen da iritsi behar ez dutenek instituzioen nagusitasunera iristea, honenbestez. Horregatik, normaltasunera itzultzeko estrategiak garatzen dituzte halakoetan boterea haiena dela uste dutenek, anomalia anabasaz eta aurreko egoera ordenuaz lotuz.
Eta hala gabiltza gurean ere, nafar anomalia defendatu eta bultzatu nahian, batzuk, eta deuseztatu asmotan, besteak, azken hauek erregimen ustelaren normaltasunera itzul gaitezen nahi dutelarik. Nork irabaziko? Ez dago itxita, baina iruditzen zait eraginkor xamarra izanen dela anomaliaren aldeko atxekimenak indartu eta zabaltzea. Ongi egin beharko da, edonola ere, izugarriak baitira hamarkadeetako normaltasun baztertzailearen inertziak, baita aldaketaren esparruan ere. Gora gure anomalia, beraz!