Gaixotasun mugatu eta garrantzirik gabekoak zirela esaten ziguten. Mundu eta espainiar estatu mailako krisiaren ondorioak edo, gehienez, behin behineko arazoak. Nafarroa ongi zegoen eta beraz, lekuz kanpo zegoen kezkatzea. Aski izanen zen tirita batzuk baliatzea, nonbait, uneko zailtasun ttiki horiek gainditzeko.
Gaixotasuna desagertu ez eta sintomak ugaldu dira, ordea. Osasunaren aferaren leherketak agerian utzi du ez dagoela tiriten bidez sendatzerik. Afera larria da eta bestelako terapiak behar dira.
Hasteko, arazoaren garrantziaz jabetu beharra dago, errealitatea ukatu gabe. Nafarroa gaixo eta ahul dago, lapurtzen, gaizki kudeatzen eta orohar, gutti batzuen interesak defendatuz hala utzi dutelako. Terapia ausart eta zorrotza behar du, gaixotasuna gainditu ahal izateko. Eta honek, ezinbestean, gaitza ekarri dutenak poteretik baztertzea eskatzen du. Haiekin, tiritak besterik ez ditugu izanen, lapurreta eta hondamendia areagotzen diren bitartean. Aldaketa behar dugu, aldaketa handi, zabal eta sakona. Eta lehenbailehen behar dugu, gaixoa oso, oso gaizki dagoelako.