Illa efektua

Erabiltzailearen aurpegia Ander Aranguren 2021ko ots. 10a, 15:36

Jakingo duzuenez, igande honetan, otsailak 14, Katalunian hauteskunde autonomikoak ospatzen dira.  Egia esateko, azken urteotan Katalunian zegoen egoera politiko nahasiari soilik pandemia bat falta zitzaion.

 Independentismoa inoiz baino zatituago aurkezten da hauteskundeetara, ez soilik gobernukideen, hots, Esquerra eta JuntsXCat alderdien, arteko desberdintasunengatik, baizik eta orain bigarrena bitan bereizi delako, independentismoan akordioetara iristeko zeuden arazoak areagotuz. Era berean, badirudi 2017an hauteskundeak irabazi zituen alderdiak, Ciudadanosek, beherakada nabaria izanen duela, Voxen mesedetan, hau lehenengo aldiz Kataluniako parlamentuan sartuko baita. Gainera, oraindik ikustear dago koronabirusaren eragina abstentzioan, adibidez.

Eta nahaste-borraste honetan sozialisten bonba mediatikoa aurkitzen dugu: Salvador Illa, orain arte Osasun ministroa izan dena, hautagai gisa aurkeztea President izateko.  Eta, dirudienez, jokaldia ongi ateratzen ari zaie, hainbat inkestetan irabazle suertatzen baitira. Benetan ulertezina egiten zait ikustea pandemia batean estatu batek bere Osasun ministroa kargutik mugitzea hauteskunde autonomiko batzuk irabaztearren,  hau da, mozkin politikoa lortzearren.

Igandean jakingo  dugu Illa efektuak PSOEk espero zituen emaitzak ematen dituen ala ez, baina estrategia honekin argi geratu da nolakoa den Espainian dagoen maila politikoa: alderdiek beti kanpaina politiko etengabe batean daudela.  

           

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!