Hemen gaude beste behin. Uste dut gehienok ezin dugula ulertu zergatik politikariek ez duten serio hartu apirilean biztanleriak emandako agindua: nola edo hala gobernu progresista bat osatzea. Zalantzarik gabe, azkeneko hauteskundeetan ezkerreko alderdiek gehien erabili zuten leloa muturreko eskuina geldiaraziko zutela izan zen. Horrela, apirilaren 28an, askok ospatu genuen eskuinak ez zeukala gehiengorik gobernua eratzeko. Argi geneukan ezkerra berehala lanean jarriko zela Estatuan gobernu berri eta itxaropentsu bati hasiera emateko. Negoziazioak, aldiz, lotsagarriak izan dira.
Hurengo azaroko hauteskundeak interes alderdikoien errua dira soilik. Alde batetik, PSOEk eta Sánchezek ez dute inoiz koalizio-gobernu bat osatu nahi izan, eta oraingo egoera probestuko dute Podemos ahalik eta gehien ahultzeko. Bestetik, Iglesiasek ez du nahi sozialistek bere politika progresista bereganatzea, horrek bere karrera politikoa amaituko duela uste baitu.
Laburbilduz, ezkerrak aukera paregabea galdu du, apirilean zegoen arriskua, atzera pausu ikaragarri bat ematekoarena, oraindik jarraitzen du-eta. Ikustear dago etorkizunak horrelako beste aukera bat eskaintzen digun, baina kasu honetan biztanleriaren, eta ez alderdi bakoitzaren, onura bilatzeko, mesedez.