Imajinatzen dut jende asko egongo dela gaur goizean Cifuentesen argazkiari begira, bere buruari galdetuz zer egin den, dugun edo duten, gaizki, halako pertsonaiak politikaren lehen lerrora iritsi eta horrenbeste urte egoteko.
Krema potoen asuntuak muinetaraino astindu gaitu, lurrikara baten indarrez astindu ere. Eta ez da 40 euro baino balio ez zutelako, ez da hasieran zaindariari bat baizik ez zuela lapurtu esan ziolako, ezta Eroskin lapurtu zuelako ere. Ez, barrurago ukitu gaitu, gure oinarri ideologikoak zalantzan jarri arte.
Gure oinarri ideologikoak, hau da, lapurretaz eta lapurrez pentsatu ohi duguna, Txirritak laburtu zuen aspaldi, kopla hau kantatu zuenean: lapur txikiak kastigatzeko, nonahi badago kartzela; handiak hor ikusten ditut, pasioan dabiltzala. Horrela bereizten genituen guante zuriko lapurrak eta bizirauteko ebaska ibiltzen zirenak; horrek ezartzen zituen kategoria moral jakin batzuk gure baitan.
Orain, aldiz, Cifuentesek demostratu du bat izan daitekeela lapur handia eta aldi berean, lapur txikia, eta gure balioen eskala dardarka utzi du. Horregatik ukitu gaitu hainbeste krema potoen aferak.
Alegia, Espainiako kleptokraziak hitzik gabe utzi gaitu.
Eta orain barkatuko nauzue uzten bazaituztet, baina Caprabora joan behar dut yogur batzuk lapurtzera.