Zulo beltzak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2018ko mar. 15a, 11:38

Gara egunkariak Hawking zenduaren argazkia jarri du bere azalean, eta argazkiari laguntzen dion testuan irakurtzen ahal da “argi handia bota zuela zulo beltzak bezalako fenomeno baten aurrean”. Nekez neurtzen ahal da kazetariaren ironia baten aurrean gauden, baina egia da zulo beltzek ilun-ilun segitzen dutela, Hawkingek sekulako ahalegina egiteagatik. Guk gure tresna fisikoekin ezagutzen ez dugun beste unibertso baten sarrera al dira zulo beltzak? Zientifikoek holako zerbait pentsatzera garamatzate azken urte hauetan.
Berriak, bere aldetik, Hawkingen argazkiarekin batera, Durangoko azokarena izan behar dela susmatzen den beste bat, manipulatua, argitaratzen du zenbaki ikaragarri batzuk emateko. Euskaldunen ehuneko hogei batek baizik ez du kontsumitzen euskal prentsa edo euskal literatura. Egia esan, portzentaje zehatza ez jakin arren, aspaldi susmatzen genuen datua horrelakoa izango zela. Hori justifikatzeko ematen den arrazoiak erraztasunik eza eta ohitura falta dira. Baina, hara! Euskal telebista ikusi edo euskal musika entzuten dutenen ehunekoa, handiagoa izanagatik, ez da ehuneko berrogeita hamarrera iristen. Jakina, irudiak, euskaraz direnean, lausoagoak eta konprenigaitzagoak dira, musika eskalako notak bezala.
Euskal kulturarena, hori bai zulo beltza. Irakurleak eta entzuleak, beste aldeko unibertsoan daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!