Pozoi tragoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko aza. 30a, 12:15

Atzoko egunak irudi izugarri bat utzi zuen, gaur berripaper guztietan datorrena: Slobodan Praljak bosniokroaziarra pozoia edaten patxaran txupito bat edaten duena bezala. Zer ez zien egingo etsaiei bere buruaren aurka indarkeria hain modu latzean erabiltzeko prest agertu denak, horixe da bati okurritzen zaion lehen gauza. Baina gogoeta xume horrek ezin du ezkutatu Balkanetako liztor-habiaren errealitateak zer garratza izan behar duen.
Bestalde, pozoi-tragoak irakurketa metaforikoa ere eduki dezake: gu, langileak, langabetuak eta pobreak, oro har, gara Praljak, eta trago batez edaten ari gara bankuek erreskatearen 40.000 milioi horiek sekula itzuliko ez dutelakoa. Horrek, ideia-elkarketa baten bidez, atzoko beste argazki batera garamatza, non EAJ, PP eta PSE alderdiek enpresarientzako zerga-beherapenak izenpetzen duten.
Eta biigarren argazki horrek garamatza beste gogoeta batera: Nafarroako lau alderdiko gobernua anormalidade historiko bat da; eta hurrengo hauteskundeetan eusten badio, beste protagonista batzuk izango dituen beste lau alderdiko baten ataria baino ez da izango.
Tira, inor kezkatu bada, lasa bedi, ez baitut ia inoiz nire prebisioetan asmatzen.
Foruzubi on!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!