Puigdemont

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko urr. 5a, 13:15

Herenegunera arte ez genuen ezagutzen eta gaur egunkari guztietako azaletan dago. Bere traje eta korbata dotoreekin, Kataluniako burgesiaren seme kuttuna izatearen traza guztia dauka. Betaurrekoek aire intelektual definigaitz eta lauso bat ematen diote, baina bere irudia definitzen duena da artesi edo arraia batez erdibitutako ilea, horrek ematen duelako bidea susmatzeko traje edo uniformearen azpian, bestelako arropak maiteago dituen baten aurrean gaudela.
Orokorrean hartuta, Puigdemonten irudiak sorrarazten duen inpresioa zalantzagarria da: une batzuetan inoiz zinemako aktorea izango zela amestu zuen biajante bat ematen du, beste batzuetan guri barre egitera etorritako ume bihurri bat baino ez. Eta hara non, irudiak irudi eta itxurak itxura, bere karrera politikoa ideal baten alde sakrifikatzeko prest dagoen politikari bat da. Karrera politikoa sakrifikatzeko, gutxienez eta hasteko.
Euskal Herrira etorrita, eta esparru berera etorrita, hau da, burgesiarenera, burura datozen adibideak guztiz bestelakoak dira: duela berrogei urtetik ezagutzen ditugun aurpegiak, lustroz lustro ilea galtzen doazenak, hamarkadartik hamarkadara potoloago daudenak, baina beti kargu instituzionaletan edo partidukoetan, arriskurik txikiena ere hartzeko inolako asmorik gabe.
Alde horretatik ere, Kataluniako irakaspen asko eta handien iturria da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!