Gaur ikusi dut Berria egunkariko azalean, ondo bidean azken aldiz, euskal kulturaren argazki ezagunena: Sarrionandia gazte bat erakusten duen huraxe, alegia. Azkenik bafletik kanpo dago Sarri, eta uste izatekoa da laster ikusi ahalko dugula bere gaurko adinean erakusten duen erretraturik, normalizatzen hasitako egoera baten lekuko. Euskal literaturaren zale guztien poza kasik 85ean sentitu genuenaren parekoa da.
Oso pozgarria da albistea, Sarrirengatik ez ezik, diplomatikoki esan nahi duenarengatik ere; joango al zaizkio PPkoak Castrori kontu eske, Estatu Batuekin harremanak konpondu eta FARC eta Kolonbiaren arteko negoziazio prozesua babestu duen Castrori, ezer esatera Sarri Habanako Unibertsitatean dagoelako? Espero dezagun Rajoyk hori baino erridikulu zentzu handiagoa izatea. Komeni ere, ez dut uste komeni zaionik.
Ez dakit hala den, baina sinetsi nahiko nuke erabaki honekin errefuxiatuak, denak, etxetik pixka bat hurbilago daudela gaur.
Eta azkenik, albistea oso ona da, baita ere, euskal literaturarentzat, leiho bat zabaldu zaiolako, egiazko leiho bat benetan zabaldu, Karibeko aldean.