Urteko argazkia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2015ko api. 15a, 13:00

Raul Castro ezkerrean dago (ikuslearentzat), eta Obama eskuinean. Bien artean zurezko mahai biribil txiki bat dago, gainean lorontzi bat daukana, bizpahiru arrosarekin. Diseinuaren ikuspuntutik, denok izeba zaharren baten etxean haurrak ginenean ikusi dugu halako mahairen bat; hortik abiatuta urrats metaforikoa oso erraza da: mahaia Kubak, blokeoaren ondoren, daukan atzerapen handiaren sinboloa da.
Janzkeran enpate estetikoa dago, baina guztiok konturatzen gara zer nolako sakrifizioak egin behar izan dituen Kubako herriak Castrori trajea ordaintzeko.
Esanguratsua da, bestalde, bi liderrek erakusten duten jarrera; Obamak puzker usaina balego bezalako aurpegia dauka, baina eskua zabal eskaintzen du; Raul Castro, aldiz, esku horri berari begira dago zapelatz baten begiekin, eta eskua luzatzera doa platereko azken tortilla pintxoa hartzeko erabaki irmoa daukanaren itxurarekin.
Hemen ere irakurketa metaforikoa erraza da: Castrok presa dauka Obamak eskaintzen dion ongizate minimo baterako azken trena harrapatzeko.
Hala ere, ez fio metafora erraz hauetaz; konparaziorako, baliteke mahaitxoa kaobazkoa izatea, baliteke Obamaren esku zabalak karta markatuak ezkutatzea, eta disgustuaren maskarak, aldiz, poza; eta baliteke, nola ez, Castroren beharra, handia izanik ere, bestearena baino txikiago izatea.
Edozein kasutan, ez dakigu oraindik honek guztiak nola eragingo dion Belen Gopegiren nobelagintzari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!