Egiturazkoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2024ko abe. 9a, 17:36

Durangoko Azoka bukatu berritan, kulturzaleentzat egiturazko espazio gehiago behar direla ondorioztatu du Gerediaga elkarteak. Euskal kulturzaleentzat ari da, jakina.

Gurera, Nafarroara etorrita, zein egiturazko espazio dugu euskarazko kulturgintzarentzat? Zein leku dute euskarazko artistek Nafarroako kultur programazioan? Eta zein aukera dituzte sortzeko eta egindako lana zabaltzeko?

Bada, euskara bezala, euskarazko kulturgintza ere ahul dago, hagitz. Eta lotura estua dago euskal hiztunen kopurua eta euskarazko kulturgintzaren espazioen artean. Nekez dugu kabidarik euskara gutxi dakiten eremuetan. Eta sarbide ezin hobea da gure kultura hizkuntzari ere leiho berriak zabaltzeko tenorean.

Nafarroako Gobernuaren politiketan aurrerapauso txikiak egin dira bide honetan azkeneko hamar urteotan. Abertzaleek babestutako gobernu-akordio eta aurrekontuetan apenas du islarik honek guztiak. Kultura ez baita lehenetasunezkoa, ezta urrik ere. Gaztelaniazko kulturgintzak jarraitzen du ia dena hartzen. Baliabideak eta espazioak. Ez dago berariazko sormen-laguntzarik euskararentzat (nahiz dirulaguntza-deialdietan puntu batzuk eman euskarazko sorkuntzari). Eta Kulturaren Plan Estrategikoan euskarazko sormena lagundu behar dela aipatzen bada ere, ez du ildo propiorik, eta ondorioz, ezta aurrekontu propiorik ere.

Eta dagoena, maiz, herri ekimenak sustatutakoa da. Ez beti diru-baldintza onenetan artistentzat. Militantziatik aunitz du, oraindik orain, euskarazko kulturgintzak Nafarroan. Alegia, egiturazko espazio gutxi.

Hortaz, gure Durango propioa ere beharko dugu Nafarroan, kulturzaleok egiturazko espazioak izan ditzagun. Baina, tamalez, ez dut inor ikusten langintza honi heltzeko moduan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!