Trumpek hauteskundeak irabazi ditu, eta klimaren negazionistak are harroago paratu dira. Valentziako irudi bortitzak ikusita, negazionista horiek ur azpian betirako isilduko ziren esperantza banuen. Inuzentea ni! Erreka eta ibaietako presak kendu izanari ez diote, bada, egotzi hondamendia.
Agerikoa da, eta sufritzen ari gara aspaldian, larrialdi klimatikoaren ondorioak. Eta gero eta bortitzagoak izanen dira sufrituko ditugun euri-jasak, haizeteak, bero-kolpeak... Bortitzagoak eta maizago gertatuko dira. Eta zaurgarrienak izanen dira, betiko moduan, kaltetuenak. Baina inor ez gara libratuko.
Klimaren aitzinean aldaketa sakonak behar dira. Baina gutako bakoitza zertarako gaude prest? Zer ohitura aldatuko dugu? Zer erosotasun galtzeko pronto gaude? Agintariei dagokie irizpide nagusiak eta aldaketak behartuko dituzten gida-lerro eta lege nagusiak onartzea. Baina gutako bakoitzak ere, gure diruarekin, eguneroko gure erabakiekin eta bozkarekin ere egin behar ditugu aldaketak, are gehiago kontsumo-eredu bortitz batean murgilduta gaudenean. Hausnartu eta erabaki behar dugu egunerokoan: gertuko elikagaiak edo ozeanoaren bertze aldean ekoitziak erosiko ditugun; janzten dugun arropa non josia den, eta zenbatean behin erosten dugun; zein garraiobide erabiltzen dugun hirian edo hiritik kanpo; zenbat energia eta zein jatorrikoa kontsumitzen dugun; edota oporretan nora, zenbatetan eta nola joaten garen. Eta baita zenbat kontraerran onartzeko prest gauden ere. Izan ere, gure ekintza bakoitzak du inpaktua klimaren krisialdian. Eta hartzen ez dugun neurri bakoitzarekin hondamendiaren zuloa handitu bertzerik ez dugu egiten. Guk ere badugu zer erran. Eta kalteez, gu ere ez gara libratuko.