Urtero moduan, ailegatu dira ardiak Bardeetara. Irudi ikoniko bihurtu dugu. Baina, bertze gauza aunitzetan bezala, irudiarekin bertzerik ez gara gelditzen, gibelean dagoenari erreparatu gabe.
Pirinioak utzi, eta oinez, egunetako bidaia egin ondotik, Bardeetako txaboletan hartuko dute aterbe artzainek. Bertze batzuek, aldiz, inguruko herrietan egokitu dute euren bizimodua. Nekazaritza jasangarria dena, estentsiboa, gure egungo bizimoduetarako ez da hain jasangarria bihurtu. Edo ez dugu bihurtu. Herrietan ere hiritartu gara, eta baserriko bizimodua urrun ikusten dugu, hagitz urrun. Inork ez dugu guretzat, ez gure seme-alabentzat bizimodu hori nahi. Soldata txikiak, atseden-ordurik eta -egunik ez. Eta batere prestigio sozialik gabeko lanbide bihurtu ditugu.
Ondorioak begi bistakoak dira: auskalo non eta nola ekoitzitako elikagaiak, prezio irrigarrietan ordainduak nekazariei, eta industria eta supermerkatu-kate handiak ardien eta zerrien pare gizentzen euren diru-kontuak.
Pirinioetatik Bardeetarako irudi ikusgarriak ez dira hain politak. Eta denak erori gara tranpan. Egunen batean desagertuko dira artzainak, eta haiekin ardiak, Pirinioetatik Bardeetarako bidean. Eta argazkia faltako zaigu. Ohartu gabe, haien lana eta elikagaiak aspaldian ahantziak ditugula.