Hilabete da Gazarekiko jazarpena, suntsiketa, gerra krimena hasi zela. Hilabete da lehendik ere aski kolpatua zen herria desegiten ari direla, munduaren isiltasunaren konplizitatearekin. Hilabete da 10.000 lagunen heriotza-krimenak hasi zirela, eta milaka zauritu utzi dituela. Herritarrek pairatzen dute zatirik okerrena, ohi bezala. Ikusi ditugu hilabetean eskolak suntsitzen, anbulantzia eta ospitaleak erasotzen, errefuxiatu-eremuak bonbardatzen. Hilabete da ura, argindarra, elikagaiak eta erregaiak arrunt moztuta dituztela. Hilabete bat inor Gazara sartu, inor Gazatik atera ezin daitekeela. Munduko kartzelarik handiena da Gaza.
Irudi lazgarriak, mingarriak, gordinak ikusten ditugu, egunero-egunero. Deseroso sentiarazten gaituzte, erreakziorako gaitasunik gabe uzteraino. Eta irudiak bezain deserosoa, lotsagarria eta krudela da agintarien isiltasuna eta ekidistantzia, Israelekiko konplizitatea. Bagenuen Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen arteko lotura estuen berri. Europaren zurikeriak min egiten digu (akaso, arrunt harritu ere ez). Ukrainarekiko jarreraren zantzurik ez dugu ikusten palestinar herriarekiko. Herrialde arabiarrak ere, mutu. Palestinarren aldeko keinuak, ikurrak, manifestazioak isildu eta debekatu dituzte karriketan.
Gizateriaren aurkako krimenak dira. Ozen erran dezagun. Gaur karriketara atera gaitezen, gaur berean gelditu dezatela astakeria hau. Krudelkeria hau. Basakeria hau. Krimen hau. Eta eman diezaietela, behingoan lurra eta estatua palestinarrei.